Hemen daude Traña-Matienako jaiak, eta, horregaz batera, egitarauan ondo errotuta dagoen bingo solidarioa.
Iratxe Moreno: Bai, hirugarren urtez egingo dugu. Aurten apirilaren 30ean izango da.
Virginia Hernandez: Aurten, lehenengo, Haize Arrosaren kontzertua egongo da. Horren ondoren, lehenengo txandako bingo biak: arrunta eta berezia. Ondoren, gaueko hamabietan, bigarren txandako beste bingo biak egingo dituzte: arrunta eta 'parranderoa'.
'Bingo parranderoa' antolatzen duzuen lehenengo aldia da?
Begoña Gouveia: Bai, ordu horretan bai. Aurreko urteetan 19:00etan eta 22:00ak bueltan egin izan dugu. Baina aurten gauerdian egitera animatu gara.
Zeintzuk izango dira sariak?
V.H.: Lehenengo urtetik gugaz kolaboratzen duten herriko lau jatetxek lagun birentzako afari txartelak emango dizkigute. Hauetxek: Casa del Pueblok, Goxoak, Taberna Zarrak eta La Despechadak. Lerroa betetzeak ere saria izango du eta bingo bereziko saria Tania Santosen eskutik izango da.
Zer egingo duzue bingoan baturiko diruagaz?
V.H.: Bingoa solidarioa da eta jai batzordean erabakitzen dugu dirua nori eman. Aurten baturiko dirua Atxondo Harrera Herrikoei emango diegu. Gainera, eurak ere bingoko parte izango dira, eta gugaz egongo dira apirilaren 30ean.
B.G.: Ez dugu dirutza bat batzen, baina uste dugu baturiko edozer kantitate ongi etorria dela. Kartoia 50 zentimora saltzen dugu, eta bingo berezikoa euro batera. Herritarrei bertaratzeko deia egiten diegu. Esan behar dugu bingoak harrera bikaina izan duela aurreko edizioetan, eta herritarrek oso ondo erantzun izan dutela.
Nortzuk zaudete bingo solidario horren atzean?
Maialen Hidalgo: Gure kuadrilla: Los Pochos. Herriko jaietan beti parte hartu izan dugu, baina azken urte hauetan aktiboki parte hartu gura izan dugu.
I. M.: Boluntarioek herriko jaien alde egiten duten lana ezinbestekoa da. Horrela, herriko jende gazteak ere herriaren alde lan egiten duela erakutsi gura diegu beste belaunaldi batzuei.
Bingo solidarioaz gainera, beste zein ekintzatan ikusiko zaituztegu?
V. H.: Maiatzaren 8an, 17:00etan, Txikikaraoke bat egingo dugu Traña plazan. Hau esperimentu bat da guretzat. Ideia jai batzordean irten zen eta antolatzera animatu ginen. Ea ondo irteten den.
I. M.: Eta maiatzaren 2ko paella txapelketa ere geuk antolatzen dugu, azken urteetan legez. Lehen, Miguel Angelek antolatzen zituen biak, baina, jakina, nekatu egin zen. Erreleboa ematea beharrezkoa zen eta guk hartu genuen lekukoa, ikusita jai batzordean inork ere ez ziola emango jarraipena. Dagoeneko hiru urte daramatzagu antolatzen. Ematen ez duen arren, lan handia dago egun horren antolaketan.
Zelakoa izaten da paellen eguna zuentzat? Lan handiko eguna izaten da?
V. H.: Oso egun mugitua. Goiz jaiki behar izaten dugu, mahaiak eta aulkiak banatzen ditugu, baita zabor-poltsak ere. Izen emateak ere kudeatzen ditugu eta epaimahaiaren txokoa muntatu behar izaten dugu. Antolakuntzan sartu ginenean oso argi genuen dena zuzen egin behar genuela, eta, beraz, egun garrantzitsua da guretzat. Gainera, ez da bakarrik paella txapeketa, igel eta tortilla txapelketak ere antolatzen ditugu. Ondoren, dena jaso behar da. Ematen ez badu ere, egun horren antolaketan lan izugarria dago, eta, jakina, gustatzen zaigulako egiten dugu saltsa hau guztia.
Eta lan hauekin guztiekin denborarik ateratzen duzue aisialdirako eta ondo pasatzeko?
V.H.: Bai, jakina. Baina garrantzitsuena da gauzak antolatzen ditugun bitartean ere ondo pasatzen dugula, gozatu egiten dugula. Horixe da lan solidarioaren eta boluntarioaren gakoa. Herriko jaiak herriarentzat dira eta herriak egin behar ditu. Gure ondorengo belaunaldiei herri bizi bat utzi gura diegu, eta horretan gabiltza.
M.H.: Gainera, orokorrena gure kuadrilla oso saltseroa da eta ekintza guztietan egoten ahalegintzen gara, ez bakarrik gauez. Jaiak gauak baino askoz ere gehiago da. Herri bazkarira joaten gara, paella egunera, Gazte Egunera, mozorratu egiten gara...
Beste ezer gehitu gura zenukete elkarrizketa honetan?
V. H.: Herritarrei eta Traña-Matienara datozenei jaiak errespetuz gozatzeko deia egiten diegu. Bestalde, lerro hauek aprobetxatu gura ditugu Monika zinegotziari eta udaleko Aitzol langileari eskerrak emateko. Gaur egun, jai batzordean oso giro ona dago, eta hau eurei eskerrak da. Monika asko inplikatzen den emakumea da, berak ere badaki jai batzordean borondatezko lana egitea zer den eta bihotzez eskerrak eman gura dizkiogu. Momentu honetan jai batzorde polita dugu, gazte batzuk lan egiteko prest gaude, eta aurtengo San Prudentzio jaietan oso ekintza politak izango dira talde honi eskerrak.