Ez dakigu oso ondo noiz hasi zen, ezta nork hasi zuen ere. Baina baten bati bururatuko zitzaion, seguruenik, jai giro betean (espero daitekeen moduan): zer eta Donien Atxa sorbalda gainean ipintzea, Bodeguilla taberna barrura sartzea, eta establezimenduaren sakoneko horma enborrarekin hiru bider jotzea. Urte askoan, keinu hori Donien Atxa ipintzeko erritualaren zati izan da Traña-Matienan. Eta esker oneko keinu bat ere bai, kuadrillek Bodeguillako arduradunei edariak eta jatekoak zerbitzatzeagatik egindakoa.
Alabaina, aurten, Bodeguilla taberna zarratuta dago, eta horrek airean utzi du Donien Atxa taberna barrura sartzeko ohitura. Txopoa altxatzeaz arduratzen direnek, hain zuzen ere, erritual hori ezingo zutela egin jakinarazi diote hedabide honi. Baina azkenean, Bodeguilla tabernako Jabi Gaztelurrutia arduradunak uxatu ditu zalantza guztiak: taberna ordu gutxi batzuetan zabalduko du, ohitura ez dadin galdu: "17:00etan zabalduko dugu lokala, eta kuadrillak Donien Atxa ipintzera abiatu eta gero zarratuko dugu, 19:30ak aldera. Izan ere urte askotako ohitura da, eta pena ematen zigun usadioa galtzeak", jakinarazi du.
Gaztelurrutiak ez du akorduan zein urtetan izan zen lehenengo aldia, baina estreinaldia bere kuadrillako kideek egin zutela gogoratzen du. "Lehenengo urtean sorpresaz hartu genuen, baina handik aurrera urteroko ohitura bihurtu zen. Ohitura txikia da, baina polita. Lantalde osoak bizi izan du atseginez. Pena ematen zigun galtzea, eta orduan, taberna zabalduko dugu ordu gutxi batzutan", berretsi du.
2022ko Traña-Matienako jaien hasiera. Bideoko 00:20 segundotik aurrera Bodeguillako ohitura ikus daiteke.