Zelako aldartea duzue Gazte Topagunearen atarian?
Uxue Farelo: Egia esanda, nahikoa urduri nago, geroago eta gutxiago geratzen delako Gazte Topagunea Abadiñon hartzeko. Gauza asko egin behar da denbora gutxian, baina, hala ere, gogotsu gaude hitzordurako.
Izar Zubiaga: Topagune atariko girotxo hori inguruko herrietan ere igartzen da eta hasteko gogoz gaude.
Zein puntutan daude prestaketa lanak?
U.F.: Bilerarik bilera gabiltza egun hauetan, eta muntaketa lanak gainean ditugu. Gazte Topagunea Abadiñon egingo zela jakin genuenean, herriko gazteekin bilerak egin genituen, eta baita udalagaz ere. Gaztetxean ere aurkezpen publikoa egin dugu.
I.Z.: Inguruko herrietan ere bagabiltza Gazte Topagunea zabaltzen eta sozializatzen. Era berean, Abadiñora ere joan gara laguntza eskaintzera.
Zeintzuk dira aurtengo Gazte Topagunearen helburuak?
I.Z.: Urteroko berberak direla esango nuke. Abadiño gazte independentisten, sozialisten eta feministen topaleku bihurtu gura dugu. Elkarregaz saretzeko eta trebatzeko gunea izango da, gura dugun herria elkarregaz amesteko topagunea. Autogestioan onarritutakoa izango da, herrikoia, abadiñar askoren inplikazioa izango duena.
U.F.: Gazte Topagunea Aste Santuaren bueltan egiten da beti eta Abadiñok ezaugarri aproposak ditu egitasmoa hartzeko. Trenez heldu daiteke udalerrira, aparkaleku asko dago, eremu handiak, eta herriko ostalariak eta dendariak ere lanketan parte hartzen dabiltza. Harrera ona egin diote Gazte Topaguneari. Bestalde, ez da ahaztu behar jende asko etorriko dela Euskal Herritik Abadiñora.
Herriko zein lekutan atonduko dituzue jaialdiko azpiegiturak?
U.F.: Gune edo karpa nagusia Tornosolon egongo da, trinkete ondoko aparkalekuan. Karpa txikia ere hari atxikita egongo da aurten, aurreko urteetan ez bezala, beste edizioetan aparte ipini dira eta. Akanpalekua eskolaren ondoko zelaian egongo da, eta furgoneten gunea eskolako aparkalekuan. Akeita gunea San Trokaz plazan egongo da, udaletxearen aurrean. Eta frontoia sukalde lanetarako erabiliko dugu. Infogunea udaletxea izango da eta txandak antolatzeko erabiliko dugu. Txanportan eszenatoki bat ipiniko dugu, kontzertu txikiak egiteko, eta azpiegitura hori berbaldi handiak egiteko erabiliko dugu. Gaztetxean ere pare bat berbaldi egingo dira. Elektrotxarangak dauden bitartean, gaztetxeko taberna zabalik egongo da.
Zuek biok zer zeregin izango duzue Gazte Topaguneko egunetan?
U.F.: Ni herriko kontuetan nabil, koordinazio lanetan. Txandak lotzea, gaztetxeko kontuak kudeatzea, propaganda egitea, herri bileretara gazteria erakartzea, herritarrei azalpenak ematea.... Horretan gabiltza. Azken finean, denekin gabiltza hartu-emanetan Topagunera etortzeko eta bakoitzak bere aletxoa ipintzeko.
I.Z.: Ni dekorazio taldean nabil. Propaganda modu bereziago batean zelan atondu pentsatzen gabiltza, panelak eta halakoak margotzen. Horrez gainera, eskulangilea izango naiz, Abadiñoko eta eskualdeko beste hainbat boluntariogaz batera. Eskulangileak muntaketan eta desmuntaketan ibiliko gara lanean, baita txandak egiten ere Gazte Topaguneak irauten duen bitartean. Txanda luzeak izaten dira. Egun guztikoak zein gaba guztikoak.
Lan egiteaz gainera, zelan gozatuko duzue Topaguneaz?
I.Z.: Gaueko txandan lan egitea egokitu zaidanez, ezin izango dut gaueko ekitaldiez gurako nuen moduan gozatu. Eguneko egitarauko ekimenetan, bai, egongo naiz. Berbaldi batzuk begiz jota ditut eta horietara joango naiz. Elektrotxarangaren ekitaldira eta beste animazio batzuetara ere joango naiz.
U.F.: Nire egoera alderantzizkoa da. Egunez lan karga handiagoa izango dut. Gaztetxean eta Abadiñoko herritarrekin koordinazio lanak egitea izango da nire zeregina. Gauari dagokionez, kontzertu batzuk ikusteko gogoa dut, Etxepe taldearena, adibidez, aspaldian jo barik ibili dira eta. Nafarroa 1512 taldea ere ikusi gura dut. Berbaldiak entzutera ere joango naiz, Ikamaren berbaldia, adibidez. Horrez gainera, gaztetxean tailer bi egongo dira: body painting tailerra eta gazte mugimenduari buruzko berbaldia. Azkenik, Txanportako kontzertuak zoragarriak izango dira. Ea eguraldiak laguntzen duen.
Egin gonbita irakurleei.
U.F.: Egitaraua ikusita, Gazte Topagunea ekitaldi gozagarria izango da edozein pertsonarentzat, baita ekarpena egiteko ere.
I.Z.: Borroka honen parte izatera gonbidatzen ditugu herritarrak, Euskal Herri independente, sozialista eta feministaren bideari ekarpena egitera.
U.F.: Izan ere, Gazte Topagunea aukera bikaina da horren alde batzeko eta borrokatzeko.