Etorkizuneko Atxarteri buruzko iritzia emateko gonbidapena

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 4a

Atxarteko harrobien paisaia berreskuratzeko helburua duen 'Atxarte osatzen' plan berezia aurkeztu du Abadiñoko Udalak gaur.

"Atxarte Durangaldearen isla da: industria dago bertan, bizimodua ateratzeko baliagarria zena, eta horrez gainera, eskaladaren sinboloa ere bada", azaldu du Nerea Zuluaga Ekopol EHUko Ikerketa taldeko kideak. Hain zuzen ere, Ekopolek egin du guneari buruzko diagnostikoa. Ingurua lehengoratzea eta espazioari bizi berri bat ematea da orain helburua, eta horretarako, herritarren parte hartzea eskatu dute. Oihana Azkorbebeitia izan da iritzia eman duen abadiñarretako bat, eta horretara animatu ditu herrikideak. "Historia eta memoria duen leku bat da Atxarte, zelan babestu erabakitzeko garrantzitsua da guztiok parte hartzea. Denok pozik egoteko, denok parte hartu beharko dugu". Martxotik uztailera bitartean, ekitaldi sorta antolatu dute herritarrek euren iritzia emateko. Lehena, Atxarte, iraganetik etorkizunera dokumentalaren proiekzioa izango da; martxoaren 12an egingo dute, Errota kultur etxean, 19:00etan. Saio irekiak eta ibilbide gidatuak iragarri dituzte. Uztailean, ostera, prozesuaren emaitzen aurkezpen ekitaldiak egingo dituzte. Aurkezpenean, www.atxarte.eus webgunea sortu dutela azaldu dute, baita ere. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!