"Egoera honen 'esklabo' izateari utzi gura diogu"

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 13a

Metal Groupeko behargin batzuek beste tailer batzuetan topatu dute aurrera egiteko bidea. Baina beste batzuek, 60 urteko adin bueltan daudenek besteak beste, aurretiko erretiroan lortu gura dute irtenbidea. Auziak luze jo dezake. 

Momentu honetan, hartzekodunen konkurtsoko administraria "datuak batzen" dabilela jakinarazi du Cidek. "Asteon hartu dute kargua, eta bankuko kontuez jabetzen dabiltza. Hori guzti hori jakin arte ezin ei digute esan noiz ordainduko diguten. Eskuragarri duten aktibo osoa ikusi gura dute", esan du sindikatuak. Izan ere, beharginek kobratu barik dute urtarrileko nomina. Horren zain eta etorri daitezkeen indemnizazioen zain daude. "Hortik aurrera, ez dugu berri gehiago. Plana orain aste batzuetako plan berbera da: dena ixtea. Panorama hori aurrean, langileen iritziz "manifestazioak egiteak ez du zentzu handirik, administratzaile konkurtsalaren kontra ezin duzulako ezer egin. Bere lana egiten dabil", gaineratu du. 

Autogintzaren aldaketa
CCOO sindikatuko ordezkariak uste du autogintzaren sektorea aldatzen egon daitekeela. "Norantz, baina?". Eta erantzun posible bat eman du: "Kontua da konbustio bidezko autoetatik auto elektrikora pasatzeko erabakia hartu dela. Baina hor hutsuneak daude, ez dagoelako definituta noiz eta zelan kendu behar den errekuntzako motorra. Eta, jakina, ziurgabetasun horregaz, ibilgailu gutxiago saltzen da. Jendeak ez daki zer auto erosi: elektrikoa oso garestia da, errekuntzakoa ez dakizu noiz kenduko duten. Akaso ez gaude garairik onenean", hausnartu du Cidek. 

Orain hilabete batzuk arte, Volskwagen enpresa izan da Lebarioko Metal Groupeko bezero nagusia. Baina ibilgailuen etxe alemaniarrak Txinan topatu du orain arte Abadiñon mekanizatzen ziren piezen hornidura. Cidek argi dio bezeroak hor jarraitzen zuen bitartean lantegiko langile kopurua ez zela jaitsi. "Arazoa da ekoizpena Txinara joan dela. Merkeago fabrikatzen dute, eta, horrenbestez, enpresak Europatik alde egiten dabiltza", argitu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!