Zein da enpresako azken ordua?
Enpresak hartzekodunen konkurtsora jo du eta administrari bat dago kudeaketa lanetan. Oraingoz ez da kaleratzerik egon, baina ez dakigu zer gertatuko den. Ez dakigu enpresaren bat ate joka etorriko den, bezeroren bat bueltatuko den, ezta lanera bueltatuko garen ere. Indemnizazioak jasotzeko zain gaude eta horiek zenbatekoak izan behar duten negoziatzen. Egoera honek Metal Groupeko fabrika biri eragiten die, Lebariokoari eta Legutiokoari. Taldeko beste lantegi biak, Astolakoa eta Iurretakoa, auzi honetatik kanpora daude.
Zenbat urte daramatzazu Metal Groupen?
Hamar urte baino gehiago. Erdi mailako mekanizazio zikloa egin nuen lehenengo, eta goi mailako zikloa gero. Ikasketak amaituta, Aldi Baterako Lan Enpresa batek kontratatu ninduen, eta Metal Groupen hasi nintzen beharrean. Urtebete inguru egin nuen kontratu haregaz. Azkenik, lanaldi hura amaituta, enpresak berak kontratatu ninduen, eta kontratu mugagabea egin. Hamar urte baino gehiago egin ditut hemen.
Urte horietan guztietan noiz igarri duzu gauzak okertzen hasi zirela?
Iruditzen zait pandemiaren ondoren hasi zirela gauzak aldrebesten. Proiektu berri pare bat egitekoak ginen, baina, azkenean, ez zuten aurrera egin. Makinak erosi ziren, baina gero ez zen proiektuak saltzea lortu. Pandemiatik hona autogintzaren sektoreak jaitsiera bizi duela esango nuke.
Autoetarako piezak egin izan dituzue, beraz.
Autoentzako abiadura-kaxak fabrikatu izan ditugu. Nire beharra, behintzat, horiek mekanizatzea izan da. Volkswagen izan da orain arteko bezero nagusia, eta, dirudienez, orain Txinan aurkitu du hornitzailea. Langileok dugun pertzepzioa da enpresaren kudeaketaren eraginez ez ditugula bezeroaren eskariak behar zen moduan egin. Izan ere, azken urteotan gorabeherak izan ditugu eskarietan. Justu ibili gara batzuetan, eta beste batzuetan ez gara heldu. Hori dela eta, enpresak azkenean joatea erabaki duela uste dugu.
Zelakoak izan dira azken urteak?
Azken urte bietan enpresa diru arazoekin ibili da. 2025eko uztailean, enpresak hartzekodunen konkurtsora jo zuen eta Suitzako Meteorix funtsak erosi zuen, euro baten truke. Langileok pentsatzen genuen gauzak aldatu egingo zirela, enpresa aldatuko zela, baina denboragaz ikusi dugu kudeatzaileak eta plantako arduradunak lehengo eurak zirela. Langile askoren susmoa da bezeroa konturatu egin dela horretaz, eta, betikoak zeudela ikusita, alde egitea erabaki zutela. Egin beharreko galdera honako hau da: zergaitik alde egin du bezeroak? Enpresak ez du erantzunik. Bezeroari egozten dio horren ardura.
Izan ere, azaroan ekoizpenik barik geratu zineten.
Ni neu behintzat laugarren erreleboan egon nintzen 2024ko urritik 2025eko urrira. Gero, hiru errelebotara lan egiteko agindu ziguten, egun batetik bestera. Eta handik aste pare batera, azaro partean, langileok etxean geratu beharko genuela iragarri ziguten. Gerora, eskari txiki bat egon zen, azaro erdialdean, eta langile gutxi batzuek lanera bueltatu behar izan zuten. Baina behin hori amaituta, azaro amaieratik denok gaude etxean, Gizarte Segurantzan alta hartuta; teknikoki lanean, baina beharrik barik.
Gero, enpresak bigarrenez jo zuen hartzekodunen konkurtsora.
Uztailean egin zuen lehenengoz, eta orain aste batzuk bigarrenez. Bost hilabeteko epean, enpresak birritan jo du hartzekodunen konkurtsora. Ez da oso normala. Halako egoera bat enpresa handietan gertatzen denean, instituzio publikoak, demagun Eusko Jaurlaritzako Industria Saila, auzian esku hartzen ahalegintzen da. Hemen, baina, ez da halakorik gertatu.
Eta hemendik aurrera, zer?
Egun batean gauza bat dioskue, eta biharamunean beste bat. Une honetan itxaroten gaude, enpresak lantegia zelan iraungi negoziatzen. Baina bien bitartean beste enpresaren bat agertu daitekeela dioskue, nahiz eta hori oso gatxa izan. Eta agertzekotan, bezeroekin agertu beharko lukeela. Edozelan ere, badirudi enpresa ixtea dela aukerarik posibleena.
35 urte dituzu, baina zelakoa da gainerako langileen profila?
Denerik dago. Batzuk aurre-jubilazio egoeran daude. Beste batzuk gazteak dira, eta esango nuke gehienak 45etik 50 urtera arteko langileak direla. Jakina, bakoitzak bere bizitza du, bere beharrizanak ditu, eta gure arteko egoerak askotarikoak dira. Batzuek, adibidez, joatea erabaki dute, eta beste lan bat topatu. Beste batzuek itxarotea erabaki dugu. Izan ere, urtarrileko soldata eta indemnizazioa falta ditugu. Hortik aurrera, lana topatu beharko dut. Ikusiko dut non eta zelan.