Urte bi joan dira eskualdeko baserritarrek eta ekoizleek Zelaieta auzoan azoka bat antolatzea erabaki zutenetik. Ezerezetik sortu zuten dena, esperimentuak ondo irtengo zuen jakin barik. Baina antolatu ziren, eskualdeko ekoizleek indarrak batu zituzten, eta halantxik, hile bakoitzeko bigarren domekari hutsik egin barik, ondo egindako lanaren fruituak jasotzen hasi dira orain. "Oso balorazio positiboa egiten dugu. Modu batera edo bestera, jendeak bere ohituretan sartu du azoka hau. Agenda-planak antolatzen dituztenean aintzat izaten dute data hau, eta denborak erakutsi digu jendea erosketak egitera datorrela hona. Urte askoan hemen izango garelakoan gaude", adierazi dute antolatzaileak.
Azokan esku hartzen duten ekoizle egonkorrek elkartea eratu dute oraintsu, eta hitzarmena sinatu dute Abadiñoko Udalarekin. Horri eskerrak, trinkotasuna eskaini gura di0te azokari, oinarrizkoak izan daitezkeen bitartekoak eta azpiegitura bermatzeko. Horrek guztiak azokako giroan eta harreran eragin dezakeelakoan daude ekoizleak. "Urte hauetan bietan, konturatu gara badugula bezero bat fidela, erosketak egitera datorrena. Eta badago beste bezero mota bat, herrikoagoa, erosketak egitera etorri, gero erosketak etxean utzi, eta berriro ere azokako girora bueltatzen dena. Uste dut alde guztiak gaudela pozik. Guk, ekoizleak, eskerroneko gaude, eta herritarrek ere halako azoka bat egotea eskertzen dugula uste dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Gonbidatu bereziak
Azokaren bigarren urteurrena izatera, Txanporta plazan ohi baino eskaintza zabalagoa egon da. Ekoizle gonbidatuetako bat Uxarte sagardotegiko Jose Antonio Zamalloa izan da. Zornotzarrak dolare bat ipini du plazan, eta jendaurrean txikitu ditu bere baserriko sagarrak, sagar-ura bisitarien artean banatzeko. Era berean, "Amillena jatetxeko kideek brotxeta bereziak prestatu dituzte azokako ekoizleen produktuak kozinatuta, eta Sartagudatik (Nafarroa) etorritako Eliasek piperrak erre ditu. Horrez gainera, Atxondoko Osamak gaztainak erre ditu, eta, azkenik, Castelló hiritik etorritako Toni El Riquet zitriko ekoizleek mandarina-zakuak gerturatu dituzte Abadiñora", azaldu dute antolatzaileek. Eta horiekin guztiekin batera, artisauak, loreak, landareak, ortuariak, eztia, gazta, jogurta, gozokiak, marmeladak, garagardoak, ogia eta giro sanoa.
Azokak abenduan izango du hurrengo hitzordua, bigarren domekan, betiko legez. Antolatzaileei iragarri dutenez, aurrerago, Aita Mari laguntza humanitarioko proiektuko kideak gonbidatuko dituzte plazara.