"Gerediagari lokal hau uztea aukerarik errazena da, baina Abadiñorentzat erabaki oso kaltegarria"

M.Z. 2025ko urr. 1a, 12:13

Atzoko osoko bilkuran Gerediaga Elkarteari Traña-Matienako lokal bat uzteko prozedura abiarazi zuen Abadiñoko Udalak. Proposamena aurrera irten zen EH Bilduren eta PSE-EEren bozkegaz. EAJ abstenitu egin zen, eta Abadiñoko Independente Berriak erabakiaren kontra bozkatu zuten. 

Abadiñoko Independente Berriek osoko bilkuran beraien iritzia plazaratu zuten arren, gaur goizean, Edurne Maguregik eta Jose Luis Navarrok prentsaurrekoa eskaini dute Trañaerrota 2-4 lokalen aurrean. "Atzoko osoko bilkuran komentatu genuen bezala Gerediaga Elkarteak egiten duen lanaren alde gaude, eta hau ez da beraien kontrako iritzi bat. Baina, ez dugu uste herriko lokalik onenak utzi behar dizkiegunik. Ez behintzat egoera aztertu gabe. Gerediagari lokal hau uztea aukerarik errazena da, baina Abadiñorentzat erabaki oso kaltegarria", adierazi du Jose Luis Navarrok.

Abadiñoko Independente Berriak azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailagaz martxoan batu zirenean, lokaletan gazteentzako, nagusientzako zein beharrizan dutenentzako etxebizitzak egiteko proposamena eskaini zieten, herriko beharrizanei erantzuteko. "Aukera paregabea iruditu zitzaigun, gure buruan ez zegoen horrelakorik. Etxebizitza horiek Zelaietan eta Muntsaratzen egitea aurreikusita dago. Eta galdetu genuen ea herri guztira zabal zitekeen hori; begiratu beharko zela, baina baiezkoa kontua esan ziguten. Nire burura berehala etorri ziren lokal hauek. Udalaren lokalik onenetarikoak dira", gaineratu du Navarrok.  

"Orain, baina, ia 300 metro karratu Gerediagari uztea erabaki dute. Gure ustez, erabakia presaka hartzen dabiltza. Lehenengo bideragarritasun azterketa bat egin beharko litzateke, jakin etxebizitzak egin daitezkeen edo ez. Eta ezezkoa bada, orduan baloratu ea Gerediagari utzi, herriko beste elkarteren bati edo zer egin", esan du Edurne Maguregik. 

Gainera, Independente Berriek jakinarazi dute azken hitza URA agentziak duela. "Traña-Matiena osoa uholde arriskuan dago, beraz URAk esan beharko du ea lokal horietan zerbait egin daitekeen". "Hala ere, presaka eta gauzak begiratu barik egiteak, lokalak 20 bat urterako elkarte bati uztea ekarriko du, presazko erabakia da. Har ditzagun erabakiak lasaiago", gehitu du Navarrok. 

Abadiñon tokia Gerediagari
Bestalde, Abadiñon Gerediaga elkarteari tokia egin ahal zaiola uste dute Independente Berriek. "Ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarte honek egiten duen lana eta uste dugu herrian baditugula toki aproposak beraiei eskaintzeko", esan du Maguregik. Txanportako lokalak gune aproposa izan daitezkeela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!