Gerediaga Elkarteari Trañaerrota 2-4 lokala lagatzeko prozedimentua abiatu du Abadiñoko Udalak. “Martxoan Abadiñoko Udalak eskari bat jaso zuen. Gerediaga Elkartetik espazio handiago bat behar zutela jakinarazi ziguten. Baldintza teknikoak aztertu genituen eta eskari horri bide eman, eta prozedimentuari bide emateko osoko bilkurara ekarri dugu”, adierazi du Monika Iglesias EH Bilduko zinegotziak. “Gerediaga elkarteak sortu zenetik kultur arloan eta memoria historikoaren inguruan egin duen ekarpena ukaezina da, ondarea zaintzea izan dute helburu. Abadiñorentzat horrelako artxibo bat herrian izatea, aukera paregabea da. Hori horrela, eta jakinda, 20 urtean lokal horietan dagoen proiektu bakarra hau dela, puntu hau udalarera ekarri dugu”, gaineratu du Iglesiasek. Zinegotziak azaldu duenez, Gerediaga elkarteak 300 metro karratuko lokala eraberrituko lukeela esan dio udalari.
Patxo Campo PSE-EEko zinegotziak proiektuaren alde daudela azaldu du. “Gerediagak balore historiko, kultural eta linguistikoa du. Ondarea zaindu behar da. Beraz, Gerediagari herrian leku bat uztea apropos ikusten dugu”. EAJko Mikel Garaizaibalek, berriz, proiektu honegaz “zehaztapen falta” dagoela kritikatu du. “Txosten juridiko bat dago, baina besterik ez. Urte bian ez da ezer aipatu, eta orain hilabete bian plenora ekarri dugu”, esan du Garaizabalek. Hori horrela, jeltzaleak abstenitu egin dira.
Kontrako bozka bakarra, Gobernu Taldean dauden Independente Berriena izan da; EH Bildugaz batera daude Gobernu Taldean. “Badakigu Gerediagak egiten duen lana handia dela, eta hau ez da ezezko bat Gerediagari, hau baiezko bat da lokal horiei. Gure ustez, lokal horietan etxebizitza sozialak egitea aztertu beharko litzateke. Bideragarritasun azterketak esaten badigu lokal horietan etxebizitzarik ezin daitekeela egin, orduan aztertuko genuke”, esan du Edurne Maguregi Abadiñoko Independente Berriak taldeko kideak.
Guztiei erantzunez, Mikel Urrutia alkateak, orokorrean iritziak “hain kontrajarriak” ez direla esan du. “Denok ikusten dugu onuragarria Gerediaga elkarteak egiten duen lana, eta Abadiñon etxebizitza sozialak duten beharra. Gaurko pauso honekin, teknikariek zehaztasun osoarekin hau aztertzea eta zehaztea izango da”, bukatu du Urrutiak.