Barikuan hasiko da Kepa Arroitajauregiren Oroimenezko Txapelketa erakargarria

Joseba Derteano 2025ko ira. 30a, 13:19

Mankomunitateko presidente Idoia Otaduy eta txapelketako antolatzaileetakoa den Aitor Arabiourrutia gaurko aurkezpenean.

Munduko txapelketan bikain ibili diren hainbat pilotarik jokatuko dute Tornosolo trinketean.

Bariku honetan hasiko da Kepa Arroitajuregiren Oroimenezko 6. Txapelketa. Ohi moduan bi modalitatetan jokatuko da: paleta goma mistoan eta eskupilotan buruz buru.

Txapelketak zaleen arreta pizteko hainbat osagai ditu. Esaterako, munduko txapelketan brontzezko domina irabazi berri duten Ibai Arroitajauregi iurretarrak eta David Alonso zornotzarrak buruz burukoan parte hartuko dute. Oraingoan, binaka elkarrekin barik bata bestearen kontra ariko dira. Eurekin Euskal Pilota Selekzioan taldekide izan dituzten Jon Jarak eta Unax Manterolak ere parte hartuko dute.

Txapelketako beste pizgarri bat Manex Etxeberri Pacheco pilotari saratarra da. Antolatzaileak sarritan saiatu dira Ipar Euskal Herriko ordezkariak ekartzen eta aurten lortu dute. "Pilotari gaztea da, proiekzio oso handia duena. Urte gutxian oso goian egongo denaren esperantza dute han", zehaztu du Aitor Arabiourrutiak. Bera da irabazteko hautagai nagusia.

Paleta mistoan ere badago zer nabarmendua. Eskualdeak ordezkaria bat izango du: Iñigo Arrieta, Durangon bizi den gasteiztarra. Arrietak iaz txapela jantzi zuen Maritxu Housset-ekin osatuko du bikotea. "Kontuan hartzeko bikotea osatzen dute", Arabiourrutiaren arabera. Beste izen bat ere azpimarratu dute antolatzaileek: Agustin Maldonado, Larrabetzun bizi den argentinarra. "Bizkaia mailan ez du aurkaririk, trinketean ez behintzat. Azken urteetan frontoian ibili da burubelarri, profesionaletara pasatzeko aukerekin. Txapelketan parte hartzea proposatu genion eta baietz esan zigun". Roman Maldonado palista profesionalaren anaia da.

Paleta mistoan munduko txapeldun bi ariko dira: Irene Arraztoa eta Paula Gorostiaga nafarrak. Biek urrezko domina irabazi dute oraintsu Espainiako selekzioarekin. Arraztoak Mutuberriarekin jokatuko du eta Gorostiagak Darribatekin.

Partiduak setera

Orain arte paleta gomako partiduak 30 tantora eta esku pilotakoak 40ra jokatzen zituzten. Aurten garai berrietara egokitu dira eta setak jokatuko dituzte: 15 tantorako bi set. Beharrik balego bost tantora jokatuko litzateke hirugarren seta.

Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentearen esanetan txapelketak "balio berezia" du eurentzako. "Ez da omenaldi bat soilik, baizik belaunaldi berriei modalitate hau ezagurazteko aukera bat ere bada. Kepa horretan ibili zen bere bizitza osoan zehar".

PARTIDUAK

URRIAK, 3, 18:30, Tornosolo trinketea (final laurdenak)
  • Montserrat-Murillo / Larralde-Maldonado
  • Arrieta-Housset / Salanueva-Rabas
  • Jara / Manterola
URRIAK 10, 18:30, Tornosolo trinketea (final laurdenak)
  • Arraztoa-Mutuberria / Larrarte-Goyenetche
  • Donazar-Iturrino / Darribat-Gorostiaga
  • Arroitajauregi-Alonso
URRIAK 17, 18:30, Tornosolo trinketea (finalerdiak)
  • Paleta goma mistoa
  • Arai Murillo (iazko txapelduna) / Urriaren 3ko irabazlea
URRIAK 24, 18:30 Tornosolo trinketea (finalerdiak)
  • Paleta goma mistoa
  • Etxeberri Pacheco / Urriaren 10eko irabazlea
URRIAK 31, 18:30, Tornosolo trinketea: FINALA
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!