Euskal Pilota Selekzioko ordezkariak atzo heldu ziren Euskal Herrira eta aireportuan batutako zaleek txaloka hartu zituzten. Ez da gutxiagorako, Argentinan jokatu den 23 urtez azpiko Munduko Trinkete Txapelketan lan bikaina egin eta mugarri berri bat jarri dutelako: txapelketa honetan heldu da Euskal Pilota Selekzioak Nazioarteko Pilota Federazioaren (FIPV) munduko txapelketa batean lortutako lehenengo domina ofiziala. Gainera, eskuz binaka irabazitako brontzezko dominak eskualdeko pilotari bi izan ditu protagonista: Ibai Arroitajauregi iurretarra eta David Alonso zornotzarra.
🔈 IRITSI DA EUSKAL PILOTA SELEKZIOA ARGENTINATIK‼️
— EEPF (@EPfederakuntza) September 22, 2025
🔈 HA LLEGADO LA EUSKAL PILOTA SELEKZIOA DE ARGENTINA‼️ pic.twitter.com/MpklmEU2ju
Eskualdeko bi pilotariez gainera, Unai Manterola hernaniarrak eta Eneko Sorondo donostiarrak osatu dute eskuz binakako taldea. Denen ekarpenari esker lortu dute domina. Finalerako bidean Frantziak kanporatu zituen, baina euskal pilotariek oso itxura ona eskaini zuten urrezko domina irabazteko hautagai nagusienetakoaren aurka.
Brontzezko dominarako partidua zapatu goizean izan zen Espainiaren aurka. Eskualdeko bi pilotariek jokatu zuten partidu hori Okarizen eta Arribasen aurka. Lehen seta 15-11 irabazi zuten. Partidua aldapa gora jarri zitzaien (1-6), baina urduritasunak alde batera utzi ostean, markagailuari buelta eman zioten. Bigarren seta berdindua izan zen: 7/7, 12/9. Azken txanpan, joko eta emozio handiko tantoen ondoren, bikote euskaldunak 10-15 irabazi zuen.
"Hasiera batean gatx ikusten genuen domina irabaztea, baina denen lanari esker lortu dugu eta oso pozik gaude", adierazi du Arroitajauregik.
Aipatzekoa da Munduko Txapelketan eskualdeko beste ordezkari bat ere izan dela: Nico Ortiz. Iurretarra da eta Garain bizi da. Gurasoak argentinarrak ditu eta Argentinako selekzioarekin ibili da. 16 urterekin munduko txapelketa batean debutatu du.
Belgikan domina gehiago
Argentinakoaren aurretik, Euskal Selekzioak beste hitzordu garrantzitsu bat izan zuen: junior mailako Europako txapelketa, Belgikan. Arroitajauregi 19 urtez azpiko taldean aritu zen eta hainbat domina irabazi zituen: urrea Joko Internazionalean, eta zilarra One Wallen eta llarguesen. Joko Internazionalean erakutsitako nagusitasuna azpimarratzeko da. Ligaxkako partidu denak 6-1 edo 6-2 irabazi zituzten eta finalean xehatu egin zuten Belgika: 6-0. 19 urtez azpiko taldea Manex Etxeberri, Dorkaitz Meabe, Ibai Arroitajauregi, Unai Zufiria, Ibon Erauzkin, Xuhar Iparragirre eta Aner Goikoetxea pilotariek osatu zuten.
Dominak aitarentzat eta Ander Martinentzat
Azken aste bietan domina asko irabazi ditu Ibai Arroitajauregik eta argi du nori eskaintzen dizkion. "Alde batetik aitari [Kepa Arroitajauregi] eskaintzen dizkiot. Ofizialtasunaren alde lan handia egin zuen. Bestetik orain gutxi joan zaigun Ander Martinentzako dira. Berak ere lan handia egin zuen pilotaren alde".