"Eszena polita sortzen ari da Euskal Herriko kostaldean"

Aritz Maldonado 2025ko uzt. 11a, 12:00

Mendiolako San Kristobal jaien baitan, kontzertua eskainiko dute gaur Indabe, Rebel Noise eta Nevadah taldeek. Indabe hirukote gipuzkoarrak pop eta rock doinuak uztartzen ditu; Ez banaiz diskoa kaleratu zuten martxoan, eta orain hori zuzenean aurkezten ari dira Nora Azurza, Peru Blanco eta Uxue Estrada. Estradarekin hitz egin du ANBOTOk. 

Zer moduz doa diskoaren aurkezpen bira?

Egia esan oso ondo. Antiguon eta Donostian egin genituen kontzertu bi, gure jendearekin, eta ondo. Jendeari gustatu zaio diskoa, eta kontzertuetan bastante konektatzen dutela ikusten dugu. Gu oso pozik gaude, eta gogoekin gaude udako kontzertuekin jarraitzeko.

Lan berriko abestiak jo izan ditugu kontzertuetan, ikusteko nola funtzionatzen zuten, eta bestalde, ilusionatuta geundelako diskoarekin eta jotzeko gogoa genuelako. Baina gehienak, behin diskoa aterata jo ditugu. Diskoa idazterakoan zuzenekoan nola funtzionatuko zuten pentsatzen genuen eta egia esateko, eta zuzenan jotzeko prestatuak daudela. Egia da, oso erraz eraman ditugula taula gainera.

Gustorago aritzen zarete zuzenean edo estudioan?

Oreka batekin disfrutatzen dugu. Diskoa prestatzekoa prozesu polita da, lokalean zein estudioan egon, baina burua eszenatokian dugu askotan. Oreka horretan ondo, baina zuzenekoetan egehiago disfrutatzen dugu. Zuzenekoetan disfrutatzeko ikasi ere egin behar da, guk kontzertu batzuk eman ditugu jada, eta urduritasun hori nahiz eta hor egon beti, gutxitu da eta gehiago disfrutatzen dugu orain.

Zer kontzepturen baitan idatzi dituzue 'Ez banaiz'-eko hitzak?

Egia esan, 'ez banaiz'-en kontzeptu hori diskoa grabatzen ari ginela okurritu zitzaion Norari; diskoko azken abestian esaldi bat dago, ‘Eta zer ez banaiz espero zenuena’ dioena. Eta hor konturatu ginen abesti guztiek zutela gisako barrura begirako galderaren bat. Eta abesti bakoitzak erantzuten ziola 'ez banaiz' zerbaiti, modu inkontziente batean erantzuten saiatu garela galdera horiek. Oso pozik gaude, uste dugulako gure azken urteko prozesua batzen duelako. Horregatik da diskoaren izenburua.

Laukote izatetik hirukote izatera igaro zarete. Nola eragin du horrek zuen musikan?

Egia da, aldaketa egin genuenean, beldur pixkat genuela. Instrumentu bat kentzeak eragiten du, eta gainera, Norak gitarra jotzen zuen lehen eta orain baxua jotzen du. Instrumentu bat gutxiago eta instrumentu aldaketa, gainera. Baina erabaki genuenean power trio bezala jarraitzea, diskoa horrela idatzi genuen; eta horrela ez genuen arazorik gainera, grabatu genuen zegoenarekin eta horrela ez genuen ezer moldatu behar. Emaitzarekin oso pozik gaude; bakoitzak ardura gehiago du bere instrumentuarekin, baina gustora gaude hirukote bezala. Jendeak badaki ez duela ikusiko kristoren banda beharbada, baina diskoan agertzen dena horrela ikusiko du taula gainean.

Indabe izatea gura duzuen horretatik hurbilago zaudetela uste duzu?

Bai. Ez dakit nora iritsi nahi dugun, baina egia da disko honekin gu eroso gauden soinu eta estilo bat topatu ditugula eta horrekin oso pozik gaude. Ingurutik ere esan digute, beharbada ez soinu propio bat dugula, baina bai igartzen dala gure estiloa letra edo melodiatan. Eta sentitzen dugu pixkat sortu dugula estilo bat; oraindik nondik jo ez dakigu baina bai hortik gertuago gaudela.

Eñaut Gaztañagarekin grabatu duzue. Zelan?

Estudioak bilatzeari ekin genionean, hainbat aukera genituen, baina Eñautenak asko deitzen zigun, Ezpalak gustoko dugulako, eta gitarrari ateratzen dion soinuagatik. Behin berarekin lan eginda, esan dezakegu ez gaudela pozik lortutako soinuagatik bakarrik, baita egin dizkigun ekarpenengatik eta ideiengatik. Oso eroso egin dugu lan berarekin, eta oso pozik gaude emaitzarekin; sekulako garrantzia du berak emaitzarekin.

Etxekalteko kideek parte hartu dute grabaketan. Azken aldian rock doinuak jorratzen dituzuen gazte talde gero eta gehiago zarete. 

Etxekalteren oso zaleak izan gara beti, eta inkontzienteki, gure abestietan eragin handia izan du beraien musikak. Pentsa, taldearen lehenengo urteetan asko entzuten genuen talde bat da, eta orain beraiekin abesti bat idazten bukatu dugu. Bestalde, Ithakako kideekin asko hitz egiten dugu eta beraiek diote, kostaldeko rock eszena moduko bat sortzen ari garela. Hor Dena ondarrutarrak ere aipatuko nituzte, adibidez. Nik uste, ari dela sortzen horrelako eszena bat gazteen artean. Nolabait esateko, rock doinuak entzuten hazi ginenak, doinu horiek egiten hasi gara orain. Sortzen ari dena oso polita da. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!