[ARGAZKI GALERIA]: Atxarte: mugimendu ekologistaren garaipena

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar 2025ko uzt. 4a, 09:30

1990 eta 1995 artean, Durangaldeko borroka ekologistarik handienetako bat gertatu zen Atxarten. Mendizaleek, eskalatzaileek eta herritarrek mobilizazio eta ekintza ugari egin zuten, hango harrobiak eta Urkiolako naturgunea bateraezinak zirela salatzeko. Borroka hartako ekintzarik ikonikoetako bat Untzillatxeko Labargorrin zintzilikatu ziren eskalatzaileena da. (Argazkiak: Txelu Angoitia eta Pablo Garitaonandia)

Eskalatzaileak hainbat aste eta hilabetetan egon ziren hormatik zintzilik, hainbat alditan, 90eko hamarkadako lehenengo urteetan. 24 orduko txandak eginez antolatu ziren beren artean. Beheko harrobietako eztandak etetea lortu zuten, eta haitzetatik harria ateratzea ekidin. Testuinguru hartan, baina, tirabira handiak izan ziren, naturzaleen, harrobietako langileen eta poliziaren artean. Txelu Angoitia eta Pablo Garitaonandia argazkilariak urte hartako borrokaren lekuko izan ziren, eta beren argazkietan ikusi daitekeenez, manifestazio, kolpe, ekintza, patruila eta tentsio ugari egon zen Atxarten. 

Harrobiak naturgunean

Eusko Jaurlaritzak 1989ko urte amaieran izendatu zituen Urkiolako inguruak Parke Natural. Gune babestuko lurretatik kanpo kokatu zituzten Mañariko harrobiak, baina ez Atxarteko biak, naturgunearen parte izatera igaro ziren-eta. Horrek berehala ekarri zuen ekologisten, mendizaleen eskalatzaileen eta herritarren sumina. Urkiolaren Aldeko Batzordea (UAB) eratu zuten, eta mobilizazio zenbaezinak egin zituzten harrobien jarduera Parke Naturaleko araudiarekin bateraezina zela salatzeko. 

Ekintza eta borroka sorta hark izan zuen emaitzarik, harrobien jarduna 1995ean eten zen-eta. Ordutik hona hiru hamarkada igaro diren arren, oraindik ere begi bistakoak dira harrobien egiturak, zer esanik ez Untzillatxeko hormetako arrakalak. Orain, Ekopolen proiektuak Atxarteko harrobiak birnaturalizatzeko proposamena eskainiko dio udalari. Azken horrek, finantzaketa-bideak topatzeko egingo du lan, harrobiok lehengoratzeko. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!