Irailaren 27an Euskal Herriko Ardi-ile Moztaileen Txapelketaren lehen edizioa lehiatuko da Abadiñoko probalekuan eta, egun osoko egitaraua antolatu du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME). Gaur eman dute egitarauaren berri, Bilboko Laboral Kutxaren prentsa aretoan egindako aurkezpenean.
08:00etatik 20:00etara bitartean Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak izango dira, eta baita tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuen dastaketa eta ardi eta artile produktuen azoka ere.
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna nor izango den ezagutuko da. Euskal Herriko Txapelketaz gainera, Nazioarteko Txapelketa ere jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak neurtuko dituzte indarrak bertan. Guztira, 60 moztaile arituko dira lehian eta Euskal Herriko 700 ardiri moztuko diete ilea, antolatzaileek ohar batean zehaztu dutenez.
Goizetik hasiko dira lehiak. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitarte, Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dira. Arratsaldean, aldiz, 16:00etatik aurrera finalerdiak eta finalak jokatuko dira.
Bi modalitate
Bi dira Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketan ardi-ile moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute. Guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute. “Moztaileok gogor entrenatzen dugu kirol honek eskatzen dituen gaitasunak eta trebetasunak garatzeko. Prestakuntza zorrotza eta zehatza behar da. Fisikoa, mentala eta teknikoa. Ardiei ilea mozteak trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika egokia landuta izatea eskatzen du", adierazi dute Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko moztaileek gaurko aurkezpenean.
Nazioarteko egutegia
Euskal Herriko Txapelketa 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da. Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute.
Horrez gainera, 2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal
moztaileak:
2025
- Uztailak 12-13: Boussac (Frantzia). Makina, guraizea eta artile sailkaketa.
- Uztailak 19: Martel (Frantzia). Makina eta guraizea. Euskal Herria VS Frantzia
- Uztailak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makina, guraizea eta artile sailkaketa.
- Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria). Makina.
- Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria). Makina.
- Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketa (Abadiño-Euskal Herria). Makina eta
guraizea.
2026
- Martxoak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Berria).
Makina, guraizea eta artile kudeaketa.