Euskal herriko ardi-ile moztaileen Txapelketaren lehen edizioa irailaren 27an jokatuko dute, Abadiñoko probalekuan. Gaur bertan eman dute ekimenaren berri, San Blas Azokan. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatuko duen txapelketak egun osoko egitaraua izango du.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, historian lehen aldiz Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da 2025ean. Are gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian jokatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da. Talde hori bederatzi lagunek osatuko dute. Munduko Txapelketa hiru urtean behin antolatzen dute. Azpimarratzekoa da lehia hau ipar eta hego hemisferioen artean txandaka antolatzen dutela.
Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute mundu mailako ardi-ile moztaile ekitaldi eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatuko dutela. "Golden Shears Munduko Kontseiluak, aho batez onartu zuen Euskal Herriari beste herrialdeekin batera lehiatzeko aukera ematea, besteen artean, Espainiak eta Frantziak", azaldu dute prentsaurrekoan. "Mugarri historikoa da", gehitu dute txapelketaren bultzatzaileek.