#0km

[ARGAZKI GALERIA]: "Eskerrik asko bihotz-bihotzez urte hauetan guztietan gure ondoan egoteagatik"

Ekaitz Herrera 2024ko abe. 28a, 16:19

Abadiñoko Abarketeruena tabernako familiak amaiera eman dio bost bat hamarkadatako ibilbideari. Aitziber, Ibai, Ana, Isi eta gainerako langileek ospakizun eder batekin amaitu dute tabernako jarduna: herritarrekin, mokadu artean eta dantzan. Abadiñoko tabernarik enblematikoenetako batek ibilbide bat zarratu du gaur. Dena dela, urtarrilaren 2tik aurrera, arduradun berriak izango ditu Abarketeruenak.

Instituzio bat. Horixe izan da Abarketeruena Abadiñon. Taberna eta jatetxe bat baino askoz gehiago: elkargune, konfiantza eremu eta herriko ikur. "Herritarrentzako etxe bat", Ana eta Aitziber Urizar ahizpen ahotan. Eta ez da harritzekoa. Bost bat hamarkadatan Abadiñoko makina bat otorduren eta jairen bidelagun izan dira-eta Abarketerueneko Ana, Aitziber, Isi, Ibai eta gainerako langileak. Bai garai bateko kokalekuan zeudenean (Zeletabe kalean), baita azken hamar urteotakoan ere (Txanporta plazan). Lantaldeko kideek gaur eman dute azken puntada, gaur zerbitzatu dituzte azken edariak eta mokaduak. Herritarrekin, giro sanoan, hunkidura dosi handi bategaz eta urte hauetan guztietan erakutsi duten eran: jo eta su lanean. Bai, gaur ere bai. Geratu barik ibili dira lanean denak, herritarren eskerron eta agur-mezu artean. "Egia esan, oso pozik gaude. Bizi osoa daramagu ostalaritzan eta atsedenaldia hartzeko momentua ailegatu zaigu", azaldu dute Ana eta Aitziber Urizar ahizpek.

Nostalgikoenek Abarketeruena zaharra, garai batekoa, izango dute beharbada gomutan. "Gure gurasoak hona etorri zirenerako, jatetxeak Abarketeruena izena zuen, seguruenik, bertan abarketagileren bat egongo zelako lehendik. Gure gurasoak Arrazolatik Abadiñora lekualdatu zirenean, jatetxea izateaz gainera, establezimenduak ile-apaindegia, denda, pentsua erosteko lekua eta bizartegia ere bazituen", gogoratu dute Urizar ahizpek. Anak 9 urte zituen aita-amek negozioaren ardura hartu zutenean; Aitziber ahizpa geroago jaio zen bertan. Urte hauetan guztietan, ondo egindako lanaren fruituak jaso dituzte familiako kideek. Abadiñotik eta Durangaldetik kanpoko askoren erreferentziazko jatetxe eta topaleku izan da Abarketeruena. Kokaleku berrian, Txanporta plazan, 10 urte egin dituzte, ohi bezala, denen aterpe izaten. "Gazteak, adinekoak, hangoak, hemengoak... denerik batu da hemen. Beti izan da horrela. Herritarrak, trikitilariak, bertsolariak, idazleak, musikariak... denen topaleku izan da Abarketeruena", gaineratu du Aitziber Urizarrek.

Omenalditxoa

Eguerdi honetan, tabernaren aurrealdean ez da mokadurik falta izan. Abarketerueneko kideek ohiko eskuzabaltasunagaz eskaini dituzte herritarrentzako pintxoak, debalde, eskerron modura. "Abadiñoko herritar guztiak eskertu gura ditugu urte hauetan guztietan gurekin egoteagatik. Bizipen ugari partekatu dugu elkarrekin, eskerrik asko denei bihotz-bihotzez", aitortu diote ANBOTOri. Herritarrek ere bikain erantzun diote hitzordu hunkigarriari. Dantzariek dantza-saioa eta udalerriko bandera eskaini dizkiete Abarketerueneko kideei. Azken hauek eskuan zutik, izan dute herriko bandera. Esan dugu-eta lehenago ere: herriko ikur izan dira tabernariak eta herriko ikur den bandera eskutan esan dute agur. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!