Bariku eguerdia da ANBOTOko erredakzioan. 16 urteko semeak presa du, 300 bat ale Durangon banatzeko zain dituelako. Ama lasaiago dabil, asteko alea dagoeneko esku artean duela, hurrengokoa prestatzen.
Oier, zergaitik hasi zara ANBOTO banatzen?
Oier Maeztu: Txikitatik ezagutzen dut ANBOTO. Betidanik entzun dut etxean. Umetako akorduak ditut, ANBOTOko erredakzioan, ama bisitatzen. Banekien 16 urtegaz ANBOTO banatzen hasi nintekeela eta niretzat naturaltasunez etorri den zerbait da.
Pentsatzen zenuen moduko lana da?
O.M.: Aspergarria izango zela pentsatzen nuen, baina ANBOTO banatzen ez dago aspertzeko astirik! Zerrenda hartu, ibilbidea ondo planifikatu, musika ipini eta bizi-bizi ibiltzen gara.
Jone, nork esango zizun semea lankide izango zenuenik.
Jone Guenetxea: Benetan ere! Oierrek umetatik ikusi du Anboto zer den, zelan lan egiten dugun eta guretzat zer esan gura duen. Bere lehenengo lan esperientzia ANBOTOn izateak ilusio handia egiten dit. Ardura apur bat ere banuen, erantzukizunez arituko ote zen, buzoirik buzoiko banaketa ez delako lan erraza. Baina oso pozik nago ardura handiagaz hartu duelako eta oso banatzaile ona delako.
Oier, ANBOTOko zuzendaria zure ama izatea presio erantsia da?
O.M.: Ez dut presiorik sentitzen. Badakit nire lana ondo egiten badut ez dela arazorik egongo. Nire lehenengo lanean ama ondoan izateak lagundu egiten dit. Lehenengo banaketan nigaz etorri zen. Ama ondoan izateak lasaitu egin ninduen. Azken batean, banaketan kontuan hartu beharreko gauza txiki asko dago. Denboragaz martxa hartzen da eta errazagoa da.
J.G.: Ez zidan ezer egiten utzi! Zerrenda esku artean hartu eta txukun-txukun bete zuen bere lana.
Zein da amak eman dizun aholkurik onena?
O.M.: Trankil hartzeko eta arduratsua izateko esan dit, inor kexatu ez dadin. Bestela, gero etxean entzun behar!
J.G.: Kontua da gure lanak ez duela ezertarako balio banaketa sareak ANBOTO harpidedun bakoitzaren postontzira ondo eramaten ez badu. Banatzaileen lana oso inportantea da, eta sarritan ez da behar den moduan baloratzen. Beste aholku bat ere eman nion: moduak zaintzeko. Tinbrea jotzean adeitsua izateko, eta, jakina, lehenengo berba beti euskaraz!
Oier, ANBOTO banatu bai, baina irakurri?
O.M.: Lehen baino gehiago. Gainbegiratu bat, beti. Orain gutxi Oihana Azkorbebeitia ikusi nuen azalean; badakit nor den eta elkarrizketa irakurri nuen.