Harri-jasotzaile abadiñarra "oso pozik" dago zapatuan Arratzuko Belendiz auzoan egindako lorpenagaz (Busturialdea). Uarkako Totxoa modura ezagutzen den 196 kiloko burdina lau bider altxatu zuen. Eta horrekin, aurretik beste bi harrijasotzailek (Endañetak eta Yurrebasok) ezarrita zeukaten marka gainditzea lortu zuen Magunazelaiak azaldu duenez, "Uarkako Totxoa Arratzuko burdinola bateko porraren burua da, lehengo errementariek burdina lantzeko erabiltzen zuten porraren burua. 196 kilo ditu, eta gerraostean Totxo modura bataiatu zuten. Txapelketa bat antolatu zuten, baina inork ez zuen burdina altxatzea lortu. 1975ean, aldiz, bai. Joxe Manuel Agirre Endañetak jasoaldi bat egin zuen eta Jose Yurrebasok hiru bider altxatu zuen. Lortutakoagaz oso pozik nago. Endañeta eta Yurrebaso onenetarikoak izan dira. Eta euren marka gainditzea itzela da, ohore bat", azaldu du abadiñarrak.
Gaineratu duenez, ohiko harrien aldean "askoz gatxagoa" izan da burdin zatia altxatzea. "Ez da harria, burdina baino. Eta horrenbestez, masa handia du bolumen txikian. 48 zentimetro luze eta 28 zentimetro zabal da. Gu 68 zentimetroko edo 70 zentimetroko harriak altxatzera gaude ohituta eta honako hau altxatzea askoz gatxagoa izan da. Ez dauka nondik heldu. Txikia da, maneiatzeko askoz zailagoa, indarra egiteko ere txarragoa", azaldu du.
Magunazelaiak lau bider altxatu zuen Uarkako Totxoa. Bosgarren jasoaldi bat egiteko saiakera ere egin zuen, baina nulua izan zen azken hau. Harri jasotzaile abadiñarrak Belendizko elkartearen 25. urteurrena ospatzeko jaian bete du erronka hau (Arratzu, Busturialdea). Harri-jasotzeaz gainera, egun osoko jaia izan zuten hango auzotarrek. Bazkaria, puzgarriak eta kantaldia, besteak beste.