Izen-ematea bete egin da Ganbarru martxa zikloturistaren lehen aldirako

Anboto 2024ko ira. 24a, 09:00

300 parte hartzaile batuko ditu.

Abadiñoko Ganbarru martxa zikloturistak ez du edozelako estreinaldia izango zapatuan. Izen-ematea itxi dute topera heldu direlako: 300 parte hartzaile izango ditu. Antolatzaileak pozarren dira: "Lehen edizioko izen-ematean goia jotzea ametsik handienean ere ez zitzaigun agertzen", adierazi dute sare sozialetan.

Ibilbide bi egingo dituzte. Luzeak 120 kilometro ditu, 2.260 metroko desnibel positiboagaz.  Ibilbideko mendateak honako hauek dira: Miota, Trabakua, Ixua, Elgeta, Kanpazar, Krutzeta, Urkiola eta Larringan. Ibilbide laburrak 75 kilometro ditu, 1.320 metroko desnibel positiboarekin. Kasu honetan, Miota, Trabakua, Ixua, Elgeta eta Kanpazar gainak igaroko dituzte parte hartzaileek.

Azken asteetan hainbat txirrundulari ohik euren babesa erakutsi diote martxari eta parte hartuko dutela iragarri dute. Mikel Zarrabeitia, Egoitz Murgoitio, Illart Zuazubiskar eta Unai Etxebarria dira euretako batzuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!