Irailaren 28ko zapatuan proba berri bat jaioko da eskualdean: Abadiñoko Ganbarru txirrindulari elkarteak antolatutako Ganbarru Zikloturista Martxa. Zikloturista Ligaren egutegi ofizialaren parte den martxa honek aukera berri bat eskainiko du parte hartzaileek puntuak batzen jarraitzeko eta denboraldi amaierako sarietara hurbiltzeko.
Antolatzaileek egunotan egin dituzte publiko martxa luzeko nahiz laburreko ibilbideak. Biak Abadiñoko Zelaietan hasi eta amaituko dira. Ibilbide luzeak [goiko bideoa] 120 kilometro ditu, 2.260 metroko desnibel positiboagaz. Ibilbideko mendateak honako hauek dira: Miota, Trabakua, Ixua, Elgeta, Kanpazar, Krutzeta, Urkiola eta Larringan.
Ibilbide laburrak [beheko bideoa] 75 kilometro ditu, 1.320 metroko desnibel positiboarekin. Kasu honetan, Miota, Trabakua, Ixua, Elgeta eta Kanpazar gainak igaroko dituzte parte hartzaileek.
Ekitaldi honetan euskal txirrindulari profesional ohiek parte hartuko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Izen-ematea kirolprobak.com webgunearen bidez egin daiteke. Ekimenari buruzko informazio osoa martxa.ganbarru.eus helbidean lortu daiteke.
Ibilbide laburra.