#0km

Abadiñoko Urien-Anbe gaztandegiak bosgarren saria lortu du Ordiziako Gazta Txapelketan

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 12a, 13:17

Izarne Axpek (ezkerrean) eta Aitor Urienek (ezkerretik bigarrena) jaso zuten saria (ARGAZKIA: GOIERRI TELEBISTA)

Sagastako Anbe baserrian ondutako Urien gazta Euskal Herriko onenen artean kokatu da. Atzo, Ordiziako gazta txapelketa prestigiotsuaren 51. edizioa jokatu zen. 47 gazta aurkeztu ziren bertara, eta gaztandegi abadiñarreko kideek bosgarren saria lortu zuten.

Lortutako errekonozimenduagaz "oso pozik" daudela aitortu dute Anbe baserriko kideek.  "Ordiziako gazta lehiaketako finalean sartzea egundoko saria da. Edizio batzuetan sartu izan gara finalera. Baina finalerako sailkatu eta gainera bosgarren saria irabaztea,... hori egundokoa da. Oso pozik gaude", azaldu dute gaztandegiko iturriek.

Alde horretatik, atzoko lorpena urte osoko lanaren errekonozimendua dela azpimarratu dute, artzain gaztagile orok urte osoan zehar egiten duen lanarekiko aitortza: "Gazta ondo egiteak urte osoko lana eskatzen du. Ardiari eragiten dion aspektu bakoitza zaindu behar duzu etengabe. Zaintza lanak, aharia, elikadura, elikagai duten zelaietako belarra garbi mantentzea, etxean hartzen duten elikagaia kalitate onekoa izatea, gaztaren hezetasuna zaintzea... denak eragiten du. Horrenbestez, atzokoa moduko errekonozimenduak oso pozgarriak dira", azaldu dute gaztandegiko kideek. 

Ordiziako gazta txapelketan lehenengo bost sailkatuek osatzen dute podiuma. Gaztandegi abadiñarrak Ordizian sekula lortu duen markarik onena eskuratu zuen atzo. Lehengo saritua Ilarduiako La Leze gaztandegia izan zen (Asparrena, Araba). Bigarren saria Nafarroako Kortaria gaztandegiak irabazi zuen (Lekaroz, Baztan); Ondarre izan zen hirugarren (Segura, Gipuzkoa) eta Nafarroako Loperena gaztandegia laugarren (Egozkue, Anue Harana).

BIDEOA:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!