“Erreferente bihurtzeaz gainera, erakutsi gura dugu Abadiñon badagoela kirolaz eta bizikletaz gozatzeko alternatiba bat”

Joseba Derteano 2021ko uzt. 17a, 10:00

Endika Zarrabeitia Salterain (Abadiño, 1984) eta Ander Urizar Azkarate (Abadiño, 1984) Ganbarru txirrindulari elkarteko kideak dira. Gutxi gorabehera, orain urtebete sortu zuten taldea, eta orain arteko ibilbidearen balantze positiboa egin dute. Bizikletan irteerak antolatzen jarraitzeaz gainera, taldea herritarrei zabaltzea gura dute.

Ia urtebeteko ibilbidea egin duzue. Hutsune bat betetzeko asmoz sortu zenuten taldea?
Endika Zarrabeitia: Iazko uztailean ekin genion honi, domeka batean, Lemoara bidean bizikletan gindoazela. Elkarri komentatu genion Abadiñon horrelako talde baten beharrizana genuela. Zikloturismoaren inguruko jendea batzea, Euskal Herriko lurrak ezagutzea eta euskara sustatzea dira gure helburuak. Gure artean koronabirus kasu positiboak eta konfinamenduak genituela ekin genion lanari.
Ander Urizar: Lehenagotik bizikletagaz hartu-emana izan duten batzuk eta herrigintzako beste batzuk elkartu gara. Ekarpena zikloturismotik egitea da asmoa, ez lehiatik. Askotariko jendea batu gura dugu. Bizikletan egunero dabilena, domeketan irteten duena zein seme-alabekin hilean behin dabilena.

Nondik dator Ganbarru izena?
E.Z.: Urkiola aldean dagoen ur amildegi moduko bat da.
A.U.: Leku enblematikoa da. Atxartetik Txakurzulorako pistan dagoen errebueltako ingurua da Ganbarru, aldatsa amaitzen den lekua hain zuzen ere. Mendizaleen eta txirrindularien artean leku ezaguna da.
E.Z.: Izen esanguratsua da, guri ilusioa eragiten digu.

Hile batzuk pasatu dira irteerak antolatzen hasi zinetenetik. Zelakoa izan da orain arteko ibilbidea?
A.U.: Ondo joan dela esango nuke. Asteburuetan irteerak egin ditugu. Beti agertu izan da jendea.
E.Z.: Lehenengo irteera euripean egin genuen. Zeanuri aldera joan ginen, 11 bat lagun. Bigarren eta hirugarren irteeretan ere agertu zen jendea. Errepideko irteera izan zen euretariko bat. 25 lagun batu ginen. Bestea, baso irteera izan zen eta 16 herritar elkartu ginen. Gerora, koronabirusa dela-eta jaitsieratxo bat egon zen jende kopuruari dagokionez. Seiko taldetan mugitu gara gehienez ere. Ez dugu deialdi ofizialik egin. Baina, tira, oso pozik gaude. Badago jende bat finkoa dena, eta beste batzuk tarteka agertzen direnak.
A.U.: Taldearen jarduna ahoz aho dabil zabaltzen. Apurka-apurka doa. Azken finean, herriari begirako ekintza bat da eta iruditzen zait badabilela bere bidea egiten.
E.Z.: Nahiz eta sorreran sei bat lagun egon, proiektua herrira zabaldu gura dugu. Herritarrei berba eman gura diegu. Batzar ireki bat egin gura dugu, kideek Ganbarruren bide orria markatu dezaten. Gu bidelagun izango gara. Berbaldiak, bizikletaren mekanikari buruzko ikastaroak eta bestelako irteerak ditugu buruan. Egitasmorik arrakastatsuena arroparena izan da. Maillot ugari saldu dugu. Ganbarruko arropagaz jantzitako jende asko ikusten dugu. Horrek poza sortzen digu. Argi dugu hau apurka-apurka handituko den bola bat izango dela.

Beraz, txirrindulari irteeretara mugatu barik, beste gauza batzuk egiteko gogoa ere baduzue.
E.Z.: Oso gauza desberdin bi ditugu buruan. Bat hitzaldiena da. Bestea, Gamarteko herritarrekin (Nafarroa Beherea) anaiarte bat osatu eta irteerak Ipar Euskal Herriko lurretatik ere antolatzea. Berdin Euskal Herriko beste txoko batzuetara zabalduta.   

Inoiz komentatu duzue taldearen betebeharra ere badela kideen arteko mailaketarik ez sortzea? Hau da, inor ez dadila bestea baino gutxiago sentitu.
A.U.: Taldekoek elkarregaz irteten badute, beti ahalegintzen gara elkarregaz bueltatzen. Gertatu daiteke une konkreturen batean baten bat atzean geratzea. Beti itxaroten dugu, ezelako lehiarik barik. Ez dugu gura jendea atzean geratu izanaren sentsazioagaz etxeratzerik. Jendeari dagokionez, denerik dago. Traña-Matienako jendea ere etorri zaigu. Durangarrak ere bai. Badago bizikletan irteteko lagunarte bat bilatzen duen jendea. Horixe da gure helburua. Buelta lagunartean egitea. 
E.Z.: Jendea oso pozik dago. Jendeak eskertu du, apur bat azpitik egon arren, horrelako laguntasuna. Gure irteerak 09:00etan hasten dira eta ibilbide erdian kafea edo dena delakoa hartzen dugu. Berriketalditxorako alternatiba bat ipintzea ere inportantea dela deritzogu.

Demagun 2022ko uztailean gaudela. Non ikusi gura zenukete Ganbarru?
E.Z.: Gura duguna da herrian erreferente bat bihurtzea eta jendeari erakustea herrian badagoela kirolaz eta bizikletaz gozatzeko alternatiba bat.
A.U.:  Ados nago. Esango nuke gure helburua herriaren parte izatea dela. Jendeak ezagutzen bagaitu eta gure ekintzetan parte hartzen badu, helburua beteta egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!