Ibaizabal aldera ematen duen hormako azulejoari erreparatzea nahikoa da eraikinaren jatorria ezagutzeko. 1894an altxatu zuten, eta 1913an berritu. Jauregiak Ibaigoiti du berezko izena, baina Abadiñoko herritarrik gehienen artean 'Hotela' modura ezagutzen da, Josu Mendizabal sukaldari bermeotarrak hotela zabaldu zuen-eta bertan, 2002an. Gaur egun eraikina hutsik dago, belar txarrak baino ez daude han. Edozelan ere, Marta Calvo ikerlari durangarrarentzat, ez da ez Ibaigoiti, ez Zelaietako hotela. Bere aztergaiak Auxilio Social eta Nuestra Señora de Begoña egoitza dira. Hau da, erregimen frankistak gerraosteko lehenengo hamarkadetan Abadiñoko eraikin horretan ezarri zuen umeentzako barnetegia.
Abadiñarrek Ibaigoiti jauregia edo 'Hotela' legez ezagutzen dute eraikina. Baina zuk esku artean duzun ikerketaren arabera, eraikinak beste izendapen bat eta beste erabilera bat izan zituela ere jakin duzu.
Nik topaturikoa Nuestra Señora de Begoña egoitza da, agiri batzuetan Virgen de Begoña modura ere agertzen dena. Erregimen frankistak Auxilio Social programaren barruan sorturiko barnetegi bat izan zen, eraikin honetan egon zena eta hirutik zazpi urtera arteko umeei bideratuta zegoena. Ikerlari batzuek diote kontzentrazio espazio bat izan zela, bertan erabilitako metodologia eredu totalari lotuta zegoelako. Umeak ez ziren barnetegitik irteten, bertan hazten zituzten. Eta behin adin bat igarota, beste barnetegi batera eramaten zituzten.
Zein zen barnetegiaren funtzioa?
Nuestra Señora de Begoña doktrinamendu frankistaren hastapena ahalbidetzen zuen egoitza izan zen. Auxilio Socialek adin tarteka banatzen zituen bere egoitzak, eta hemengo kasuan hirutik zazpi urtera arteko umeak zeuden. Kantu-jolasen bitartez, erregimenari loturiko balioetan hezten zituzten, balio erlijioso eta militarretan.
Umeak doktrinatzeko tresna bat izan zen, beraz.
Bai. Adinari egokituriko doktrinamendu zentro bat izan zen. Adinez nagusiagoak ziren gazteekin, beharbada, bestelako portaera, jarrera edo eskakizunak izango zituzten. Baina umeekin jaunartzea izaten zen helburu nagusia.
Horrelako egoitzak ohikoak ziren?
Abadiñokoa Bizkaian sorturiko lehenengoetariko bat izan zen. Dakigunagaitik, Bizkaian mota honetako hamar bat egoitza egon ziren. Besteak beste, Bilbon, Sodupen, Mungian eta Urduñan.
"Era honetako egoitzetan zeuden umeen profil nagusia gerran hildakoen eta emakume alargunen umeena zen"
Eta zergaitik kokatu zuten era honetako egoitza bat Abadiñon?
Ez dakigu. Erregimen frankistak sasoi hartan ingurune polita zela arrazoitzen zuen, landa eremuan kokatuta zegoela, eta egokia zela barnetegia egiteko. Baina ez dakigu arrazoi zehatza zein den. Dakiguna da hau egoitza izan baino lehenago etxea izan zela. Jabeari etxea hartu eta okupatu egin zioten, gero erregimenak bere zerbitzurako erabili zezan. Etxeko andreak auzitara eraman zuen kontua eta makina bat epaiketa izan zuen jauregia berriro ere berreskuratzeko. Arrazoia nahiko arin eman zioten arren, Auxilio Socialek argudiatu zuen ez zuela umeak lekualdatzeko beste lekurik, eta, horrenbestez, beharrizan hori zegoen bitartean egoitzan egongo zirela. Azkenean, familiak etxea berreskuratzea lortu zuen. Herriko bizilagunek diotenez, familia euskaltzalea zen. Emakume jabeak Frantziara alde egin behar izan zuen.
Noiztik nora egon zen martxan barnetegia?
Zalantza asko dago, Auxilio Socialek zabaltzen zuen informazioa propagandari loturikoa zelako. Ez dago datu zehatzik. Adibidez, sasoi hartako albiste batean jasorikoaren arabera, egoitza 1939an zabaldu zuten. Beste albiste batek dio 1940an inauguratu zutela, baina, jakina, inaugurazioak eta zabaldu zuten egunak ez dute zertan bat egin. Itxierari dagokionez ere, beste data bi daude: 1951 eta 1953. Lehenengo aukerak zehatzagoa dirudi, informazioaren arabera umeak urte hartako hilabete eta egun zehatz batean lekualdatu zituzten-eta Abadiñotik Sodupera. Baina lekualdaketa hori 1953an egin zela dioten dokumentuak ere badira.
Denbora tarte horretan, zenbat ume pasatu zen hemendik?
Ez dakigu zehatz. Dakiguna da 65 bat ume egoten zirela hemen aldi berean. Agiri batek dio zentroaren lehenengo egunetik 80 ume zeudela hemen, baina gezurra da. Izan ere, badaude inaugurazioko argazkiak, eta horietan ez dira inondik inora ere 80 ume agertzen. Hasieran ume gutxiago zegoen. Bertako ume kopurua 45 eta 65 artean kokatu dezakegu.
"Doktrinamenduaren helburu nagusia jaunartzea zen, baina hemengo umeek ez zuten jaunartzea San Trokaz egunez egiten"
Zein zen barnetegian zeuden umeen profila?
Auxilio Socialek ume abandonatuak zirela esaten zuen. Haien diskurtsoaren arabera, gorriek eta separatistek abandonaturiko umeak. Horrez gainera, umeetariko batzuk umezurtzak zirela ere esaten zuten. Guk beste egoitza batzuetan ikerturikoagaitik dakigunez, umeetariko batzuk gerrako umeak izan ziren. Hau da, Euskadiko gobernuak milaka ume atera zituen hemendik, baina frankismoak, Vatikanoaren laguntzagaz, ume horietariko asko ekarri zituen bueltan hona. Eta euretariko denak ez ziren berriro ere gurasoekin batu, batzuk egoitzetan geratu ziren. Hori, batetik. Bestetik, preso politikoen eta sozialen seme-alabak daude. Abadiñon ez dugu horren zantzurik topatu, baina Durangon eta Elorrion badira dokumentuak ume horiek nora bideratzen zituzten erakusten dutenak. Eta, azkenik, profil nagusia dago, gerraosteko miseriari loturiko umeena. Eta atal honetan, gerran hildakoen eta emakume alargunen seme-alabak daude. Zeintzuk ziren alargun horiek? Bando jakin bateko alargunak, jakina. Sasoi hartan emakumeek zuten laneratzeko zailtasun guztiekin, amek, umeekin aurrera egin ezinda, barnetegira eramaten zituzten. Erakundeak esaten zien umeek ondo jan eta ikasi egingo zutela. Baina, dakigunez, han ez zuten ikasten. Bilbon, adibidez, argi geratu zen umeak laneratze prozesuetan erabili zituztela, lan esplotaziorako. Labe garaietan, adibidez. Eta ikerlari askok jasota daukatenez, umeek egarria eta gosea pasatzen zituzten.
Egoitzako umeak jaunartze egun batean (German Zorraquin funtsa. Gerediaga)
Umeek bazuten traturik inguruko herritarrekin?
Bizilagunek dioskuenagaitik, ez. Eskolak barruan ematen zituzten, eta eraikinak gaur egungoak baino lur gehiago zuen. Atzealdean, gaur egun etxebizitzak dauden tokian, lur arlo zabala zuen. Umeak ez ziren eremu horretatik irteten. Beharbada jaunartzea izango zen salbuespena. Jaunartzea zen egoitza honen helburu nagusia. Abadiñon, ohituraz, San Trokaz egunez egin izan dira jaunartzeak, maiatzak 15. Baina egoitzako umeek ez zuten egun horretan egiten. Beste data batzuetan egiten zuten. Bestalde, batzuek diote egoitzako langileetariko batzuk Abadiñokoak zirela, baina umeenganako traturik ez da inon aipatzen.
Zelan zeuden antolatuta egoitzako egunerokoa eta funtzionamendua?
Hainbat atal zegoen, eta langileen artean emakumeak ziren nagusi. Batetik, zuzendaria zegoen. Erregimenak aukeraturiko konfiantzazko pertsona bat izaten zen ohikoena, gehienetan Sección Femeninako kide sutsuren bat. Gero Sección Femeninako beste kide batzuk zeuden, erizain lanetan, adibidez. Argazkietan agertzen dira. Horrez gainera, gordetzaile edo guardadora deiturikoak zeuden. Horiek umeekin egoten ziren. Maistra bat egoten zen ume guztientzat, eta, azkenik, abadea. Dena dela, ez dakigu zenbat langile ziren guztira. Baina badakigu bigarren etxe batean egoten zirena, hainbeste umegaz ez ziren kabituko eta. Bigarren etxe hori zein izan zen ez dakigu.
"Historia aztertzerakoan, zergaitik ez dugu umeen historia aintzat hartzen?"
Barnetegian bizi izandako herritarren baten berririk baduzu?
Horren atzetik gabiltza, ea testigantzarik topatzen dugun. Horrek aberatsago bihurtuko luke ikerketa. Adibidez, han barruan bizi baldintzak zelakoak ziren ezagutzeko. Bertan bizi izandako emakume baten alaba topatu dugu, baina, tamalez, ez dute informazio askorik. Ez dakite ama zergaitik egon zen han, zein zen han egoteko arrazoia. Bestalde, han bizi izandako gizonezko baten atzetik gabiltza.
Ikerketa amaiturikoan, zer topatuko dugu?
Herri memoriari loturiko zeozer atera behar dugu hemendik. Jende askok ez du hemen egon zen egoitzaren berririk, eta bitxia da, kuriosoa. Abadiñoko biztanle batzuek esan didatenez, egoitzan bizi izan ziren umeetariko batzuk bizileku izan zuten eraikina ikustera etorri ziren handik urteetara. Eta hara, hor aukera bat galdu dugu. Badugu zer hausnartu. Ez dakit instituzioetatik, ez dakit herritik, baina hor memoriari loturiko zeozer egin behar dugu. Eta ez nabil Abadiñori buruz. Egoera orokorra da. Burura datorkidan beste hausnarketa bat umeena da. Historia aztertzerakoan, zergaitik ez dugu umeen historia aintzat hartzen? Interesgarria deritzot. Sarri aipatzen ditugu gudariak, hildakoak. Orain, apurka-apurka bada ere, emakumeen kartzelei buruz berba egiten hasi gara, baina badirudi umeen historia atzetik datorrela. Hor ere asko dago aztertzeko.