Marta Calvok irabazi du Gazte Ikerlarien Saria

Anboto 2024ko api. 26a, 12:54

Frankismoan Abadiñon izan zen Auxilio Social barnetegia ikertzeagatik jaso du Marta Calvo durangarrak Gazte Ikerlarien Sarietako irabazleak. Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu zuen duela bi urte Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria. Sari banaketa maiatzaren 3an izango da, Durangoko Oktogonoan, 19:00etan. 

Marta Calvok Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren hastapenean ikertu du. Zelaietako hotela modura ezagutzen den eraikinean Gizarte Laguntza barnetegia egon zen martxan hamar urte inguruz, eta 3-7 urte bitarteko 65 bat ume egon ziren bertan; ustez abandonatuak ziren umeak ziren, eta gurasoen ideologiek "bortxazko banaketa" eragindakoak. "Gaiaren originaltasuna, egindako ikerketa lana eta iturri anitzen erabilera" azpimarratu ditu epaimahaiak. "Lan osoa da eta ondo egituratuta dago. Marko teorikoaren lurreratze egokia egiten du, testuinguru zabal batetik hasita Abadiñoko errealitatera ekarrita. Horrez gain, frankismoaren beste aurpegi bat erakusten du", nabarmendu dute. Ikerketaren laburpena Astola aldizkariaren 18. zenbakian argitaratuko du Gerediaga Elkarteak. 

Bekaren hirugarren deialdia bi kategoriatan antolatu dute, eta 19-35 urte bitartekoen kategorian bost lan aurkeztu dira. Calvok 1.000 euroko saria irabazi du; 18 urtera artekoen kategorian ez da inor aurkeztu. Epaimahaia Iruri Altzerrekak, Helene Sanchezek eta Ainhoa Zabartek osatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!