Ailegatu da Lasterbidean Abadiñora. Urduri?
Apur bat urduri egotea normala da, batez ere antolakuntza lanetan buru-belarri dabiltzanak. Edozelan ere, iruditzen zait dena ondo bideratuta dagoela.
Zuretzat zergaitik da inportantea Lasterbidean?
Hamargarren edizioa da, edizio borobila, eta azkena. Gainera, hori guzti hori Abadiñon egitea inportantea da niretzat. Esango nuke indar eta babes nahikoa egon dela halako zeozer antolatzeko. Lasterbidean egitasmoak ziklo bat zarratuko duen arren, elkartasun ekintzak ez dira hemen amaituko.
Zergaitik emango zaio amaiera Lasterbideani?
Egoera aldatu egin da eta gaur egungoa egoerarik onena ez den arren, orain hamar urteko eszenatokiak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik. Horrek esan gura du zikloak amaitu egin behar direla. Lasterbidean euskal presoei, iheslariei eta haien senideei elkartasuna eta babesa emateko helburuz sortu zen, euren eskubideak errespetatu daitezen. Alde horretatik, egitasmoaren azken edizioa izatea pozgarria da gauzak onerako aldatu direlako, oraindino dena konpondu ez den arren.
Zer azpimarratuko zenuke egitarautik?
Askotariko jendea batzeko helburuz prestaturiko egitaraua da, ohiko lasterketatik harago doana. Anje Duhalde eskertzeko ekitaldia izango dugu, eta baita parrillada, bertsolariak eta herri bazkaria ere, besteak beste. Lasterketa atalean, korrikaldi txikia eta oinez egiteko martxa ere egongo dira. Publiko zabalari begirako edizioa izango da.
Ohituta gaude zu mendi lasterketetan topera ibiltzen ikustera. Zapatuko korrikaldian ere parte hartuko duzu?
Jakina! Umeekin joango naiz izena ematera, goizeko lehenengo orduan. Lasterketa hasi baino lehenago ere laguntzen egongo naiz. Gero korrikaldia egingo dut, eta, beste ezertan lagundu behar bada, hor ere egongo naiz.
Zelan gonbidatuko zenituzke irakurleak asteburuan Abadiñora joatera?
Oso publiko zabal bati begirako egitaraua da. Anje Duhaldegaz gaur egingo den ekitaldia ederra izango da. Gero, zapatuan, eguraldiak laguntzen badu familia giroan gozatzeko eguna izango da. Bazkaria, martxa, ibilaldia, umeentzako ekintzak,... jai ederra izango da.