Abadiñoko probalekuan iragarri dutenez, ekainaren 14an eta 15ean udalerrian egingo den Lasterbidean lasterketa azkena izango da. "Zenbaki borobil bategaz, amaiera ematen zaio elkartasun ekimen honi. Preso eta iheslari guztiak etxeratuko ditugun segurtasunagaz heldu da azken Lasterbidean Abadiñora", adierazi dute antolatzaileek. Edozelan ere, "agian aurrerago beste bat etorriko den itxaropenarekin" agurtuko dira antolatzaileak, "presoen eta iheslarien aldeko elkartasunak ez duelako etenik izango". Agerraldian eskerrak eman dizkiete Mirentxineko boluntarioei eta "sakabanaketa gainditzeko herri zati bat lokutorio hotzetara" eramatera joandako herritarrei. "Denon artean sakabanaketa gainditzeko gai izan gara eta etxerako bidea egiteko gai izango gara", gaineratu dute.
Hamarkada oso batean martxan egondako egitasmoa egitarau zabal batekin borobilduko dute. Ekainaren 14an, esaterako, 20:30ean, Anje Duhalderi esker ona adierazteko ekitaldia egingo dute Amnistia plazan. Bertan, Anje Duhaldez gainera, honako artista hauek arituko dira: Antton, Onintza Azkarate, Itziar Navarro, Manex Pagola, Teresa Jareño, Xabier Amuriza, Miren Amuriza, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala eta Joseba Tapia.
Ekainaren 15ean, berriz, lasterketa bera egingo dute. Eta proba amaitu eta gero herri bazkaria egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Bazkaria 14:30ean izango da eta Zigor Iturrietak prestatuko du. Bazkariko txartelak 15 euroan salduko dira. Interneten erosgai daude dagoeneko, eta baita Abadiñoko tabernetan, zein Elorrioko, Durangoko eta Zornotzako beste hainbat tabernatan ere.