Anboto magalean dago Abaño. Halantxik dio Elorrioko Antton Uriarte musikariak konposaturiko, Berrizko Haize Arrosa taldeak musikaturiko eta Amets Arzallus bertsolariaren berbekin osaturiko kantuaren errepikak. Euskal presoen eta iheslarien aldeko Lasterbidean egitasmoak Abadiñon antolatuko du bere ibilbidearen hamargarren edizioa. Eta urteurren berezi hori ospatzeko, kantua eta bideoa kaleratu dituzte.
Kantuari ahotsa ipini diotenen artean Su ta gar taldeko Aitor Gorosabel kantaria, Haize Arrosa taldeko Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania abeslariak, Iheskide talde elorriarreko Gaizka Jareño, eta Igor Galarza bertsolari abadiñarra daude. Era berean, bideoan, Durangaldeko kirolari ugarik parte hartu dute. Bertan ageri dira Oihana Azkorbebeitia, Erlantz Zaldunbide, Oihane Unzalu eta Zigor Iturrieta mendi korrikalariak; June Arbeo eta Itsaso Gangoitia atletak; eta Ganbarru txirrindulari elkarteko, Abadiñoko sokatira taldeko eta Atxtxiki pilota eskolako kideek. Igor Galarza arduratu da bideoaren zuzendaritzaz. Antolatzaileek ikus-entzunezkoan parte hartu duten kide guztien inplikazioa txalotu dute.
"Ekitaldi xumea"
Lasterbidean egitasmoko lan-taldea buru-belarri dabil ekainaren 14ko eta 15eko egitaraua prestatzen. Ohiko lasterketa eta aurten nobedadea izango den Oinezkoen Martxa antolatzeaz gainera, bestelako ekitaldiak ere egingo dituztela aurreratu dute. Tartean, Anje Duhalde abeslari lapurtarrari eskainitako ekitaldi xumea. "Ekainaren 14an, Anje Duhaldek denon esker ona jasoko du Amnistia Plazan, euskal preso eta iheslarien alde egin duen lan guztiagatik. Ekitaldi xume honetan Euskal Herriko hainbat artista elkartuko dira", azaldu dute antolatzaileek ohar bidez.
Egun seinalatua ekainaren 15ean
Ekainaren 15eko ekintza nagusia lasterketa bera izango da. Eta behin hori eginda, herri bazkaria izango dute Zigor Iturrieta sukaldariaren eskutik. Elektrotxaranga eta kontzertuak egingo dituzte, eta baita umeentzako lasterketa labur bat ere.
Lasterketa nagusian izena emateko zein herri bazkarirako txartelak erosteko aukera zabalik dago egitasmoaren web atarian.