#0km

[BIDEOA]: “Jendeak gure produktua baloratu duela ikusi dugunez, aurten okela salduko dugu sanblasetan, lehenengoz”

A.R./E.H. 2024ko urt. 30a, 09:27

Ibon Lasuen eta Esther Ugaldea ganaduzaleak dira. Abadiñoko Gaztelua auzoan bizi dira eta Latxaberri okela markaren jabeak dira. Egun gutxi falta da sanblasetarako eta gogotsu daude, lehenengoz okela salduko dutelako bertan.

Zein nobedadegaz joango zarete aurtengo San Blas Azokara?
Esther Ugaldea: Aurtengo nobedadea da okela salduko dugula bertan. Ibon ganaduagaz egongo da ganadu postuan, eta ni eta nire ahizpa okela saltzen.

Zergaitik erabaki duzue okela saltzea azokan?
E.U.: 2019an okela etxerik etxe saltzen hasi ginen, eta jendeak produktua baloratzen duela konturatu gara. Aurten zeozer desberdina egitea pentsatu dugu.
Ibon Lasuen: Zelaietako hileko bigarren domekako azokara ere joan ginen. Lehenengoz parte hartu genuen azoka batean, eta ardura apur bat ere bagenuen, baina jende asko etorri zen gugana eta gustura geratu ginen. Hori beste arrazoi garrantzitsu bat izan da sanblasetan okela saltzeko.

Zein jenero topatuko dugu zuen postuan?
E.U.: Gazteluan hazitako txahalen okela, etxean hazitakoena, eta, horrez gainera, inguruan jaiotako txahalen okela ere bai. Beti ahalegintzen gara inguruko produktua saltzen.

Oraindino beharrezkoak dira saltzaile eta kontsumitzaileak bateratzeko lekuak? Baserrietako ekoizpena ezagutaraztea garrantzitsua dela pentsatzen duzue?
I.L.: Bai. Banaketa egiten dugunean ez dugu astirik izaten bezeroekin berba egiteko. Ezagutzen gaituzte, baina ezin diegu gure lana behar den moduan azaldu. Azoka batek, ostera, gure lana eta jatorria azaltzeko aukera ematen digu. Bezeroari hurbiltasunez produktua saltzeko modua da.

Ibon, ganadu ferian zeu egongo zara. Zer egingo duzu bertan?
I.L.: Daukagun ganadua erakutsiko dut, ez da salmenta lekua. 9-10 behi piriniotar eroango ditugu eta nobedadea behi arraza desberdin bi izango dira: behi fleckvieh bat eta behi normandiar bat. Jendeari beste arraza batzuk erakutsi gura dizkiogu.

Zelakoa da San Blas eguna eta zelan bizi duzue baserritar eta abadiñar legez?
E.U.: Ni elorriarra naiz baina beti topera bizi izan dut San Blas eguna. Etxean betidanik gustatu izan zaizkigu ganadua eta feria, eta niretzat egun berezia da, aurtengoa batez ere.
I.L.: Abadiñarra naizenez eta ganadua 16 urtetatik eroan dudanez, oso egun inportantea da. Aurreko asteak ere inportanteak dira, dena prestatu behar delako. Urtean zehar norberak eginiko lana erakusteko eguna da.

Irakurleak zelan animatuko zenituzkete San Blasetan zuen postura joateko?
I.L.: San Blas eguneko azoka urteko lehenengo azokarik garratzitsuenetarikoa izaten da Bizkaian. Uste dut ganadu erakusketa polita egongo dela. Gainera, gure postuan Esther egongo da okela saltzen eta aukera ona izango da gure okela erosteko eta baita gu ezagutzeko ere.
E.U.: Bertako produktuak erakutsiko ditugulako eta okela salgai ipiniko dugulako.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!