Abadiñok Lasterbidean lasterketaren X. edizioa hartuko du

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 13a, 13:05

"Euskal errepresaliatuen aldeko" egitasmoak egun biko egitaraua izango du lehenengo aldiz. Lasterketa ekainaren 15ean egingo da, baina bezperan, "sorpresaz beteriko ikuskizun berezia" egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

Lasterbidean egitasmoak, euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenak, Abadiñon lur hartuko du ekainaren 14an eta 15ean. Aurtengoa edizio berezia izango da, lasterketak bere hamargarren urteurrena betetzeaz gainera, egun biko egitaraua izango baitu lehenengo aldiz. Antolakuntza lanetan dabiltzan kideek jakinarazi dutenez, lasterketa eguna ekainaren 15a izango da. "Baina 14an, bezperan, ikuskizun berezi bat egongo da. Oraindik ezin ditugu ikuskizunaren xehetasunak eman, baina aurreratu dezakegu sorpresak egongo direla", azaldu dute.

Bestalde, ekainaren 15ean, lasterketa nagusia jokatuko da. Hamar kilometrokoa. Eta aurten, nobedade modura bestelako kirol probak egingo dituzte. Umeei begirako lasterketa txikia batetik, eta oinez egiteko moduko martxa, bestetik. "Dena dela, Abadiñora mugatu barik, Lasterbideani loturiko egitasmo ugari egingo da Durangaldean. Izan ere, eskualdeko herritarren parte hartzea barik, hau egitea ez zatekeen posible izango", esan dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, martxotik ekainera izango dira ekintzok. Lehenengo hitzordua finkatua dute jada. Abadiñoko Errota Kultur Etxean bertso saioa egingo dute martxoaren 16an.

Lasterbidean lasterketak hamar urteko ibilbidea egingo du aurten. Iaz Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) antolatu zuten, eta duela urte bi, Kanpezun (Araba)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!