"Eskualdeko 50 herritarrek baino gehiagok egingo dute korrika Lasterbideanen"

Anboto 2022ko mai. 26a, 20:00

Zapatuan 'Lasterbidean' lasterketa egingo dute Kanpezun (Araba), "euskal errepresaliatuen aldeko" lasterketa. Iban Uribetxebarria durangarra antolakuntza lanetan dabil.

Dena prest dago. Etxeko lanak eginda ailegatuko da aurtengo Lasterbidean. Arabako Kanpezu herria Euskal Herri osotik ailegaturiko korrikalariekin beteko da zapatuan "euskal errepresaliatuen alde" lasterka egiteko. Iban Uribetxebarria durangarra buru-belarri dabil antolakuntza lanetan. Urte biko etenaren ondoren, berriro ekin dio egitasmoa antolatzeari, eta aurtengo edizioak ere harrera ona izango duela aurreikusten du: "Izen-emate kopuruagaz pozik gaude. 500 bat lagunek eman dute izena lasterketa luzerako. Horrez gainera, 600 bat lagunek parte hartuko dute herri bazkarian. Ia txartel guztiak agortu dira", aurreratu du. Bertara korrika egitera joango diren Durangaldeko kideak 50 lagunetik gora izango dira, Uribetxebarriaren berbetan. "Durangaldeko jende asko etorri izan da beti Lasterbideanera. Aurten ere 50 kidek baino gehiagok egingo dute korrika. Dena dela, gehiago izango dira herri bazkarian parte hartuko dutenak". Korrikaldian lasterketa luzea (9 kilometro pasatxo) eta laburra (3 kilometro pasatxo) egongo dira. 

Uribetxebarriak egitasmoaren izaera azpimarratu du: "Kirol proba bat baino gehiago da, euskal errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adierazteko modu bat. Azken urteetan haien egoera orokorra hobetu den arren egoera salatzen jarraitu behar dugu. Eskubide urraketek irauten duten bitartean hor egongo gara", dio Uribetxebarriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!