Zelan sortu da Euskal Dendan egoteko aukera?
Eixuk Andra Mariko elizpean antolatzen duen azokan egonikoa naiz. Euskal Dendak planteamendu berria eskatu dit, azoka handia delako eta lau egun irauten duelako, goiz eta arratsalde. Sekula ere ez naiz egon lau eguneko azoka batean. Iraupenak stock bat izatea eskatzen du. Lan horretan buru-belarri aritu naiz. Gauza asko pentsatu behar dia. Esaterako, zer neurriko arropa eraman? Normalean, neurrirako arropa sortzen dut eta. Edo, zenbat arropa eraman? Esperientzia berria da niretzat eta lan handia eskatu dit. Stock potentea eramango dut. Gainera, jendeak esan dit oso ondo saltzen dela.
Zer eramango duzu?
Gehienbat arropa eramango dut. Loneta eta panazko peto luzeak eta pichi-ak, belusezko jertseak, mahuka luzeko alkandora eta kamisetak, soinekoak, gonak, kamiseta gaineko alkandorak… Baina gauza gehiago ere eramango dut: umeentzako muselinazko mantak, poltsak, makrame teknikagaz eginiko bitxiak… Jendeak zer egiten dudan ikustea gura dut. Izan ere, Euskal Denda erakusleiho handia da.
Zelakoak dira poltsak?
Poltsa handiak dira. Neuri gustatzen zaidana sortzen dut eta niri poltsa handiak eta zabalak gustatzen zaizkit, barruan gauza asko sartzeko modukoak eta hondartzara joateko, erosketak egiteko nahiz egunerokotasunean erabiltzeko berdin-berdin balio dutenak. Estanpatu diferenteko poltsak dira.
Zelan ikasi duzu makrame bidezko bitxiak egiten?
Hego Amerikan urte biko bidaia bat egin nuen, 2017ra arte. Hango artisau asko makrame teknikagaz pultserak, lepokoak eta abar sortzen ikusi nituen. Hango jendeagaz batu eta ikasten joan nintzen. Gero teknika neure gustuetara eta estilora ekarri dut: koloreak, formak… Handik bueltan sortu zen Amalur. Arropa gerora etorri zen. Alkondarekin hasi nintzen, eta gero beste arropa batzuekin.
Enkarguz lan egiten duzu gehienbat.
Bai. Azkenean pertsona bakoitzak bere neurria du eta bere neurriko arropak behar ditu. Badaude gorputz estereotipatuko neurriak, baina oso jende gutxi sartzen da estandar horietan. Neurriekin zoratu nintekeela eta, egokiena arropa neurrira sortzea izango zela pentsatu nuen. Orain Abadiñon tailerra dudanetik, errazagoa da. Jendea bertaratu egiten da, neurriak hartzen dizkiet, bezeroak bertatik bertara ikusten eta aukeratzen ditu telak… Lan pertsonalizatuagoa da. Normalean ez dut stock handirik izaten, eskaripean sortzen dut.
Zelakoa da bezeroagaz telak, koloreak, estiloa… aukeratzeko prozesua?
Lehenengo, nire diseinu mota zein den azaltzen diet, marko baten barruan zentratzeko. Ondoren, eurek zer gura duten azaltzen didate eta diseinua egiten joaten gara. Koloreak eta telak aukeratzen ditugu: bolumen gehiago gura bada, tela konkretu batzuk erabili behar dira. Lan espezifikoren bat bada, ezkontzaren baterako-edo, nik lana amaitu aurretik tailerrera etortzen dira jantziak probatzera, ea soinean gustura geratzen zaien eta zer sentsazio duten.
Arropa aldetik, zer da Amalur besteetatik bereizten duena? Kalean ikusi eta "hau Amalurrena da", esateko modukoa?
Estanpatu aldetik, loreak. Lorea da Amalurregaz gehien identifikatzen dena. Kolore aldetik, kolore biziak. Jendeak loreak eta kolore biziak Amalurregaz identifikatzen dituela esango nuke.
Zer tela motagaz lan egitea gustatzen zaizu?
Alkandoretarako gehien erabiltzen dudana tela biskosoak dira, mugimendua izan dezaten gustatzen zaidalako. Alkandoretarako kotoia ere erabiltzen dut lantzean behin, zurrunagoa izan gura badut. Gero, erabiltzen ditudan tela motak denboraldika doaz: udaberri-udan batzuk, eta udazken-neguan beste batzuk.
Zeure lanetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Sorkuntza lana da gehien gustatzen zaidana, patroi berriak sortzea eta jantzi berriak egitea. Eskariak sortzea ere gustatzen zait: bezeroekin hartu-emanetan egote hori, erritmo lasaiagoa… Stock bat sortzea ere gogoko dut, baina ez da lanik gustukoena. Lan mekanikoagoa da. Gainera, estutasuna eragiten dit, kantitate nahikorik ez daukadala iruditzen zaidalako gehienetan.
Eskari bat egin gura duena zelan ipini daiteke hartu-emanetan zugaz?
Onena eta zuzenena Abadiñon dudan tailerrera joatea da, Solokoa 2 kalean. Bestela, Instagramen 'amalurproduktuak' da nire kontua eta hauxe da nire helbide elektronikoa: amalurproduktuak@gmail.com.