Txinurrisolo kalera oinezkoentzat bihurtzeko lanak lizitaziora atera ditu Abadiñoko Udalak. Obra horien helburua inguruko irisgarritasuna hobetzea eta Traña-Matienako erdigunean trafikorik gabeko inguruak sortzen jarraitzea da. Kalea oinezkoentzat izango da, eta baimendutako ibilgailuak 15 minuturako baino ezin izango dira sartu.
"Herritarrek adierazi ziguten pozik zeudela proiektuarekin, luzaroan itxarondako obra delako. Gainera, kalea eta oinezkoentzako gunea eraldatzeak hainbat komunitatek igogailuak instalatzeko aukera emango du, eta hori ere aspaldiko eskaera da, adinekoak eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonak daudelako", azaldu du Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak.
Pleguei dagokienez, zenbait berrikuntza dituztela azaldu dute udaletik. Hori horrela, obrak inguruko mugikortasunean duen eragina murrizten duten konponbideak modu positiboan baloratuko direla azaldu dute. "Ingurumen-arloan pausoak emateko erabaki sendoa dugu gobernu-talde berrian, eta horretarako, materialen zirkulartasunaren kontzeptua sustatu behar da, lizitazioaren pleguetatik bertatik", gaineratu du Mikel Urrutia alkateak.