#0km

"Denda egundoko tresna izan da bizitzaz ikasteko; eskerrak eman gura dizkiet bezero guzti-guztiei"

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 8a, 12:30

Beatriz Telleria Lizundiak hamarkada ugari egin du Traña-Matienako Zubibitarte kaleko elikadura dendan lanean, auzotarrek kariñoz deitu izan dioten Bearen dendan. Udan erretiroa hartu eta amaiera eman dio 1935etik zabalik egoniko familia negozioari. Esker ona adierazi gura izan die bezero guztiei.

Beatriz Telleria Lizundia Traña-Matienako Zubibitarte kaleko etxe batean jaio zen, 1957an, Petitetarren egunkari eta aldizkari dendaren gainean, lehenengo solairuan. Makina bat urte egin du kale bereko elikagai dendan lanean, auzotarrei behar zuten guztia eskaintzen. Izan ere, denda txikia izanagaitik, Bearen dendan, Traña-Matienako auzotarrek kariñoz halantxik deitzen dioten saltokian, ez delako sekula frutarik, barazkirik, galletarik, jogurtik, gaztarik edo garbiketa produkturik falta izan. Orain, umetatik dendan lanean ibili eta gero, Telleriak erretiroa hartu du.

Traña-Matienako betiko denda horietariko bat izan da zurea. Betiko-betikoa.
Bai. Denda hau amama Mariak zabaldu zuen. Lehenago aldameneko lokal batean zegoen denda; gerora pasatu zen gaurdainoko lokal honetara. Amama gazterik hil zen eta aitita Teodorok hartu zuen dendaren ardura. Aitita hil zenean, gure ama Angelesek hartu zuen negozioa, eta, azkenik, nik. Familiako hiru belaunaldi ibili gara hemen lanean. 

Beraz, txiki-txikitatik ezagutu duzu denda.
Bai. Amari txikitatik laguntzen nion, 10-12 urte nituenetik. Durangora joaten nintzen ikastera, eta bueltakoan dendan laguntzen nion. Gora eta behera, atzera eta aurrera ibiltzen nintzen beti. Garai hartan ez zegoen itxiera ordu jakinik, eta akorduan daukat bezeroak etxepera etortzen zirela dendako zerbait behar zutenean. "Angeles!", oihukatzen zuten etxepetik. Ama jubilatu zenean neuk hartu nuen negozioa. 33 urte egin ditut hemen.

Zelako urteak izan dira?
Oso gustura egon naiz hemen. Gustuko lana izan da. Bezeroak primerakoak izan dira eta euretariko asko familiakoak lez ditut. Hau kontatuta hunkitu egiten naiz. Askok euren bizitza kontatzen dizute. Haien penekin tristatzen zara, eta haien alaitasunagaz poztu. Konplizitate handia izan dut bezero askogaz. Denerik egin dut hemen, negar zein barre. Asko eman didate.

Urte askoan dendak ez du errotulurik izan kanpoaldean. Baina mundu guztiak ezagutu du Bearen denda lez. 
Bai. Lehen, Angelesen denda zen. Azken urteotan Bearen denda. Beti ahalegindu gara daukagun guztia ahalik eta ondoen eskaintzen. Eta bezeroek eurek ere asko eman digute. Jendearen maitasunetik asko ikasten da. Nik behintzat asko ikasi dut. Niretzat denda egundoko tresna izan da bizitzako kontuez ikasteko. 

Seguru hainbat anekdota izan duzula hemen.
Adibidez, 1983ko uriolak ditut akorduan. Ura denda barruraino sartu zen. eta metro bat gora egin zuen. Produktu ugari galdu genuen eta garbiketa lanak itzelak izan ziren. Bestalde, gogoan dut kafea aletan etortzen zela lehen, eta amak kafea ehotzeko agintzen zidala, dena eskuz.

Zer esango zenieke zure bezeroei?
Guzti-guztiak eskertu gura ditut. Ez dut berbarik, hunkitu egiten naiz. Asko erakutsi didate. Asko ikasi dut eurekin. Askok egundoko penaz jaso dute dendaren itxiera, baina dena amaitzen da. Bizitza horrelakoxea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!