Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hasi zuten eguenean Suitzan. 25 herrialdetako 98 talde dabiltza bertan. Guztira 1.280 kirolarik eman dute izena. Tartean Abadiño Sokatira Taldeko zortzi tiralari daude eta Goiherri taldeagaz batera ari dira.
Momentuz garaipen garrantzitsu bi eskuratu dituzte. Gaur, 23 urtez azpiko mailan brontzezko domina irabazi dute, modalitate mistoan. Joan zen eguenean zilarrezko domina lortu zuten. Goiherri-Abadiño taldeko emakumeek 500 kilora arteko txapelketa lehiatu zuten lehenbizi 23 urtez azpiko maila, eta zilarrezko domina irabazi zuten abuztuaren 31n. Irati Abarrategi, Olatz Abarrategi eta Amaiur Uriarte abadiñarrek osatu zuten eskualdeko ordezkaritza. Sailkapen fasean lan bikaina eginda heldu ziren finalera. Finalean tiraldi biak galdu zituzten urrezko domina irabazteko faboritoa zen Taipeiko (Taiwan) Jingmei Dai shi dai taldearen kontra. Edozelan ere, zilarrezko domina jantzi zuten euskal ordezkariek sekulako maila erakutsiz.
Aipatutako hiruez gainera, eskualdeko beste bost tiralari ere badabiltza munduko txapelketan: Ane Abarrategi, Maui Mandaluniz (23 urtez azpikoa), Martxel Azkorbebeitia (23 urtez azpikoa), Xabier Irazola eta Asisko Arruabarrena.