“Mekanikari baten lanak ez du ordutegirik; batzuetan, gauerdira arte luzatu daiteke”

Joseba Derteano 2021ko mar. 20a, 10:30

Txirrindularien artean oso baloratuta daude, baina handik kanpora ez hainbeste, ezjakintasunagaitik, egiten duten lana eta talde barruan duten pisua ez delako benetan ezagutzen. Oier Casado Movistar Taldeko mekanikaria da gaur egun. Paris-Niza itzulian zegoela elkarrizketatu dugu, telefonoz. Hitzordua ipini aurretik, hurrengo eguneko ordutegia errepasatu behar izan du, tarte bat noiz duen jakiteko. Goizaldean, 5:30ean, baieztatu digu goiz horretarako hitzordua.

Hain goiz hasten da mekanikari baten laneguna?
Batzuetan bai. Lasterketaren arabera. Normalean, ez gara egoten lasterketa hasten den herrian, eta batez beste 50 kilometro egin behar ditugu. Lasterketa hasi baino lau-bost ordu lehenago hasten da gure laneguna.

Eta zer ordutan amaitzen da?
Lana amaitzen denean. Mekanikari lanak ez du ordutegirik: batzuetan, gauerdira arte luzatu daiteke.  Egunean bertan dena prest uzten dugu hurrengo egunerako. Ez dakizulako hurrengo goizean zer gertatu daitekeen. Esaterako, antolakuntzak ordutegia aldatzen badu bat-batean? Hori ere aurreikusi beharra dago.

Zein da lasterketa egun bateko ohiko lana?
Goizetan, lehenengo, gurpil guztiak puztu eta bateriak konprobatzen ditugu. Kotxe barruan eraman beharrekoak kargatu eta irteera puntura joaten gara. Han, errepidean ibiliko diren bizikleta guztiak errebisatzen ditugu. Lasterketan zehar txirrindularien atzean joaten gara, kotxean. Etapa amaitzen denean, batu eta hotelera. Beste 80-100 bat kilometro. Han, bizikletak garbitu, prestatu…

Makina bat kontu dira.
Bai, eta gure lana ez da mekanika arlora bakarrik mugitzen. Horri lotutako beste zeregin batzuk ere badaude. Kamioiak edo autobusak gidatzea ere egokitu ahal zaizu, esaterako.

Denboraldi batean egun asko ematen dituzue etxetik kapora. Alde horretatik, gogorra da?
Gustatu egin behar zaizun lana da. Ez da lan normal bat. Afizioa izan behar duzu. Guk urtebetean 180 bat egun ematen ditugu etxetik kanpora.

Gaur egungo bizikletek puntako teknologia darabilte. Horrek etengabeko formakuntza eskatzen dio mekanikari bati?
Bai, beti ikasten eta zeure burua birziklatzen ibili behar duzu. Egunero irteten du berria den zerbaitek. Nik beti diot gu marken probategia garela. Merkaturatu aurretik, pieza berriak probatzen ditugu. Eskaparate modukoak gara. Markek pieza berri horretako adituak bidaltzen dituzte lasterketetara, eta eurei galdetzen dizkiegu dudak. Horrek laguntzen du.

Zu mundu honetan hasi zinenean, kanbioak bizikleten koadroetan zeuden?
Koadroan bertan ez, heldulekuetan. Baina, bai, bizikletak asko aldatu dira. Orain kanbioek bluetooth sistemagaz funtzionatzen dute. Ni 16 urtegaz hasi nintzen mekanikari moduan, atera kontuak.

Zure ibilbidean talde askotan egon zara. Baina denen artean, salto kualitatiborik handiena Seguros Bilbao taldetik Tinkoff talderakoa izan zen?
Aurretik Illes Balears eta Kaiku taldeetan egonda nengoen, baina, bai, orain nagoen tokira heltzeko mugarria Tinkoff talderako saltoa izan zen. Horri eskerrak, zortzi urtean Joaquim ‘Purito’ Rodriguezen mekanikaria izan nintzen, besteak beste.

‘Purito’ Rodriguez izan da lorratzik handiena utzi dizun txirrindularia?
Beragaz oso hartu-eman ona izan dut, baina gehiago ere aipatuko nituzke: Filippo Pozzato, Tony Martin, Robbie McEwen… asko. Denekin tratu ona izan nuen. Askotan, txirrindulariek ozpinduta dauden itxura eman dezakete telebistaren aurrean, baina, gero, talde barruan gaudenean, beste mundu bat da. Orduan ezagutzen dira benetan pertsonak, eta hartu-emana sortzen da.

Lasterketetan kotxean joaten zara, ezustekoei adi. Zein da bizi izan duzun momenturik estresanteena?
Momenturik estresanteenak dira taldekide batek liderraren elastikoa daramanean eta zulaturen bat, arazo mekanikoren bat edo erorikoren bat izaten duenean. Tentsio handiko uneak dira. Segundo batean, ondorio asko izan ditzaketen erabakiak hartu behar dira. Horren baitan egon daiteke garaipena edo porrota. Talde bereko hiru jausi badira, denbora gutxian lehentasunak markatu behar dituzu, hau da, norengana joan lehenengo eta norengana gero.

Estres momentu konkreturik gogoratzen dudan? Bada, gogoan dut 'Purito' Rodriguez Espainiako Itzuliko lider zegoen etapa bat. Helmugarako 19 kilometroren faltan, eroriko bat gertatu zen eta 'Purito' euren artean zegoen. Ez dakit nork esan zuen 'Purito'-ren izena, baina entzun bezain laster bere ordezko bizikletan neukan eskua. Automatikoki. Ez dago segundo bat galtzerik.

Talde barruan eta txirrindularien artean zuen lanak izaten du errekonozimendua. Baina kanpora eta gizarteari begira, oharkabean pasatzen da?
Baietz uste dut. Gure benetako lana ez da ezagutzen. Jendeak txirrindulariak ezagutzen ditu, baina ez haren atzean kotxean doazenak. Baina beste mundu hori ere existitzen da eta handia da. Gu gure traste guztiekin herri batera heltzen garenean, jendea harrituta geratzen da. “Talde batek hau guzti hau mugitzen du?” galdetzen dute.

Zure ibilbidean garrantzitsuak diren pare bat izen nabarmendu behar bazenitu, zeintzuk lirateke?
Jende askok lagundu dit eta denei esker oneko nago, baina badira pertsona bi nabarmentzekoak, euren laguntza eta konfiantza garrantzitsuak izan zirelako eta nire ibilbidean klabeak izan ziren momentuetan egon zirelako. Alberto Iturriaga da bat. Gazte-gaztetan, bizikleta utzi nuenean, beste kontu batzuetan nenbilela, Iturriagak bere taldera sartzea eskaini zidan. Ate bat zabaldu zidan. Nire abiapuntua izan zen. Oscar Guerrero da bestea. Caja Rural taldeagaz afizionatuetan nengoenean, bera zen zuzendaria eta berak igo ninduen profesionaletara.

Segurtasun neurriek asko zailtzen dute zuen lana?
Bai, zailtzen dute. Isolatuta gaude. Hoteletan bakarrik egoten gara. Janaria gelara ekartzen digute eta han jaten dugu. Lasterketetan ere bakarrik egoten gara irteeran, ez dagoelako zalerik. Eta hiru-lau egunerik behin, PCR probak egiten ditugu. Kontuan hartu nik bihar positibo emango banu talde osoak etxerako bidea hartu beharko lukeela. Ez da kudeatzeko erraza, eta kontuz ibili behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!