'Matienako Bulls', aurten zezenen pare ibili den saskibaloi taldea

Anboto 2023ko mai. 25a, 12:57
Abadiñoko Saskibaloi Taldeko jokalariak.

Abadiñoko Saskibaloi Taldeko gizonak mailaz igo dira eta asteburuan Lauko Finala jokatuko dute.

Abadiñoko Zezenak Saskibaloi Kluba da izen ofiziala, baina 'Matienako Bulls' ezizenagaz ere ezagutzen dituzte —NBAko frankizia ezagunari erreferentzia eginez— eta aurten ohore egin diote izenari zezenen pare ibili direlako. Gizonen taldeak mailaz igotzea lortu du seniorren bigarren mailako hirugarren tokian geratuta eta asteburuan Lauko Finala jokatuko du. Ez da lorpen makala, orain hiru urte sortu zuten klubarentzat.

Ligako txapelduna Bilboko Berriotxoa kiroldegian erabakiko da. Abadiñok Patronato taldearen kontra jokatuko finalerdia, zapatuan, 16:00etan. Segidan Txurdinaga eta Txiki taldeen arteko partidua hasiko da. Bi talde irabazleek domekan, 17:00etan, jokatuko dute finala.

Emakumeen taldea

Emakumeen taldea gizonena baino berriagoa da. Iaz sortu zuten eta aurten lehenengoz parte hartu du liga txapelketa batean. Hurrengo denboraldiari begira jokalari berrien bila dabiltza taldea sendotzen jarraitzeko. Taldera batzera interesatuta daudenak instagram-eko kontuaren bidez jarri daitezke harremanetan klubeko arduradunekin: @matienako_bulls.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!