Traña-Matienako San Prudentzio txapelketak eman ditu eman beharrekoak. Atzo jokatu zituzten bi finalak, eta bestelako emaitzak izan ziren bietan. Arratsaldeko lehen finala Ander Uriartek eta Aner Iglesiasek jokatu zuten nor baino nor gehiago. Txapelketako joko formatu berrira hobeto moldatu zena Uriarte izan zen. Lehen jokoa estua izan bazen ere, hamazazpi urteko gaztea izan zen nagusi (10-8). bigarren jokorako, lehenengoan egindako esfortzuaren ordainetan, Iglesiasek ezin izan zuen jarraitu Uriartek ezarritako erritmoa eta 10-3ko emaitzagaz, txapela eroan zuen lezamarrak.
Bigarren partidua, aldiz, estua izan zen, ezin estuagoa ia-ia. Ibarloza-Bullon bikoteak Artaraz-Arroita bikotea izan zuen aurrean. Partidu luzea jokatu zuten, atzelariak ez ziren tantoa luzatzearen beldur, eta aurrelariek erremate polit ugari tanto bilakatu zituzten. Jokatutako hiru jokoetan gidoi berdina izan zen nagusi. Artaraz-Arroita bikote gorria nagusi izan zen partiduaren zatirik handienean, baina urdinek ez zuten amore ematen eta joko guztietan lortu zuten bizirik egotea.
Lehenengoan 6-2 joan ziren aurretik gorriak, baina urdinek 9-9 berdintzea lortu zuten. Hala ere, ez zuten lortu irabaztea, 10-9 galdu baitzuten. Bigarrenean, gauza bera, 6-2 jarri ziren aurretik gorriak, baina urdinek, partiduko gakoa izan zen pilota aldaketa bat medio, buelta ematea lortu zuten, eta hirugarren jokora luzatu zuten norgehiagoka (8-10). Azken jokoan, 5era zena, Artaraz-Arroita beste behin joan ziren aurretik (3-1), baina Ibarlozak eta Bullonek lanean segi eta 1-4ko partzialagaz txapelak Markinara eta Berrizera eroan zituzten (4-5).