San Prudentzio pilota txapelketa nobedadeekin dator: buruz buru, jokoka jokatuko dute, lau eta erdia eta kantxa osoa tartekatuz

Anboto 2023ko mar. 7a, 11:24

Traña-Matienako pilotalekuan jokatuko dute txapelketa.

Domeka honetan hasiko txapelketa, Traña-Matienako pilotalekuan.

San Prudentzio pilota txapelketak nobedadeekin ekingo dio aurtengo aldiari. Binaka zortzi bikote ariko dira eta buruz buru 16 pilotari. Azken horretan dago berrikuntza, buruz burukoan. Alde batetik, 22 tantorako partiduak barik 10 tantorako jokoak jokatuko dituzte. Baina kontua ez da hor amaitzen: joko bat buruz buruz jokatuko dute eta hurrengoa lau eta erdiaren barruan. Bana berdintzen badute, tanteo hobea duenak erabakiko du hirugarren jokoa zer distantziatan jokatuko den. Tanteora berdinduta badaude, txapa botako dute. "Geure artean irtendako ideia da. Guk dakigula ez dago beste txapelkaterik horrelako kriteriorik duenik", adierazi dute Atxtxiki pilota klubetik.

Pilotariak aukeratzerako orduan, ez dira punta-puntan eta txapelketarik txapelketa dabiltzanen bila joan. Beheraxeago dabiltzanei jokatzeko aukera ematea izan dute helburu. "Eurentzako inportantea da jokatzeko aukerak izatea", diote.

Txapelketa Abadiñoko Atxtxiki pilota klubak antolatuko du. Lehen Atxarte kluba zenaren lekukoa hartu du Atxtxiki klubak.

Jardunaldiak domeketan, 16.30ean, jokatuko dira martxoaren 12an hasita. Finala maiatzaren 1ean jokatuko dute.

MARTXOAK 12, 16:30, TRAÑA MATIENAN

Buruz buru:
- Alonso-Goikoetxea
- Artaraz-Armaolea

Binaka:
- Ibarloza-Bullon / Gorostidi-Plazaola

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!