Abadiñoko probalekuak harri-jasotze erakustaldi berezia hartuko du domeka honetan. Bertan izango da Martins Licis atleta letoniarra, 2019an Munduko Gizonik Indartsuena (World's Strongest Man) sariketa irabazi zuena. Licis Euskal Herriko beste 10 harri jasotzailerekin batera egongo da, indar erakustaldia egiten tartean, Urdax Magunazelaia abadiñarraren ondoan. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, eta probalekurako sarrera debalde izango da leku guztiak bete arte. Gainontzean, streaming bidez ere jarraitu ahalko da, Abadiñoko Udalak Youtuben duen kanaletik (InfoAbadiño).
Martins Licis mundu osoko indar-kirolei buruzko erreportajeak egiten dabil han-hemenka. Euskal Herriko indar kirolak ere ezagutzera eman gura ditu. Hori dela eta, Ogikiñe eta Ostolaza harri-jasotze eskolekin elkarlanean, Abadiñoko Udalak bertako sokatira taldea eta San Blas jaialdia ezagutzeko aukera eskaini zion. Domekan, beraz, Licis harri astuneko txapeldunarekin, Urdax Magunazelaiarekin, egongo da harri jasotzearen teknika ikasten. Ekitaldiari Unknown Strength izena ipini diote eta mota guztietako harri jasotzaileak batuko ditu. Paulo Azpiazu, Imanol Royo, Udane Ostolaza, Gari Garmendia, Patricia Martin, Xabier Gusta, Galarraga, Izagirre eta Alex Merlo bertan egongo dira.
Ekitaldiak hiru zati izango ditu. Magunazelaiak eta Licisek erakustaldiak egingo dituzte harri astunekin. Ondoren, bestelako harrien erakustaldiak egongo dira. Ikuskizuna erronka ireki batekin zarratuko dute. 125 kiloko bola minutu batean zeinek gehiago altxatzera lehiatuko dira. Licisek honako titulu hauek ditu irabazita: urrezko domina (2019) eta zilarrezkoa (2022) World Strongest Man izeneko proban, eta urrezko domina (2022), zilarrezkoa (2019) eta brontzezkoa (2020) Arnold Strongman Classic proban.