Euskal Herriko txapelketan garaipena sutsuki ospatzen ikusi zintugun. Irudi horien atzean zer sentimendu dago?
Zerura begiratu nuen momentua aitagaitik da. Aita joan zitzaigunean [12 urte zituela hil zen] esan nuen Euskal Herriko txapel bat eskaini gura niola. Txapelketan aurten debutatu eta txapel hori aurten bertan eskaintzea… niretzat ez dago hori baino poztasun handiagorik. Horixe da argazki horren esangura, Gotzon Magunazelaia aitari eskaintzen diodala. Beti aldamenean izan nuelako, botilero, laguntzen eta umetako nire buruko min denei eusten.
Bueltatu zarenetik, pozik zabiltza? Harri jasotzeak bila zenbiltzana ematen dizu?
Bai, nik beti maitatu izan dut herri kirolen mundua, ume-umetatik. Egia esanda, eskatzen diodan guztia ematen dit orain. Baina ez harri jasotzeak bakarrik, baita plazan sortzen dudan giroak ere. Pertsona maitatua sentitzen naiz herri kirolen munduan. Plazetan igartzen dut berotasun hori eta oso polita da. Asko asebetetzen nau.
Urtea hasi berri da. Zer helburu dituzu 2023ari begira?
Orain geldirik egon beharko dut apur batean. Hernia batek irten dit zilbor inguruan. Seguruenik ebakuntza bat beharko du. Gaztea naiz, aurretik 10-15 bat urte ditut herri kiroletan gerra emateko, eta behinena patxadaz errekuperatzea da. Hile eta erdi edo hile bi barru berriro martxan egon naitekeela diote medikuek.
Gero, lehenagoko harri jasotzaileen marka batzuk hobetzea dut helburu. Gaur egunean gutxi ikusten da hori. Horregaz batera, Euskal Herriko txapelketan Aimar Irigoien handiaren marka hobetzea ere gustatuko litzaidake. Gorputzak eta osasunak laguntzen badidate lortu daitezkeen helburuak direla pentsatzen dut.
Harri desberdinetan dauden markak hobetze horretan, badago baten bat bereziki begiz jota duzuna?
Goenatxo anaiek badute marka bat, hiru minutuan hamaika jasoaldi egitea 200 kiloko harriari. Nik txapelketan hamar egin nituen. Denbora aldetik eta fisikoki hamaikara heldu nintekeela ikusten nuen. Eta zer politagorik hamabi botatzea eta marka hobetzea baino! Lehenengo helburuetariko bat hori dut. Gero, Urtainek kubiko handiagaz markak ditu, Goenatxok ere bai… Gorputzak laguntzen badit, aurten pare bat marka egiteko esperantza dut.
Aimar Irigoienek arduratuta egon behar luke bere Euskal Herriko markagaitik?
Tira, Aimarrek askotan erakutsi du nor den harri jasotze munduan. Bai harri handietan, bai harri txikietan, harri jasotzaile itzela da, egundoko markak egindakoa. Esango nuke Aimar ez dugula ehuneko ehunean inoiz ikusi. Azken urteetan nahiko lasai ibili dela zirudien. Oraindino 36 urtegaz, ondo prestatuta, susto batzuk eman ditzake. Aimar arduratuta? Igual neuk ere arduratu behar nuke. Biok maila handia eman dezakegun kirolariak gara.
Bueltatu zarenetik plaza berean lehiatu zarete?
Oraingoz ez. Ni beragaitik bueltatu nintzen Euskal Herriko txapelketara. Bere erakustaldi baten ondoren, solasean genbiltzala, Euskal Herrikora joatera animatu ninduen eta nik baietz esan nion, bere moduko bategaz indarrak neurtzeak ilusioa egingo zidala. Baina azken unean lesionatu egin zen eta ez genuen aukerarik izan. Ea datorren urtean posible den.
Zaleak desiratzen daude zuek biok plaza berean ikusteko.
Bai, argi eta garbi. Azkenean showman-ak eta harri jasotzaile indartsuak gara, ikusteko erakargarriak, eta horrelako bi plaza berean ikustea gustagarria da.
Txapelketei eta bakarkako markei buruz aritu gara, baina zer diostazu apustuei buruz? Zabalik duzu apustuen atea?
Apustuak ere herri kiroletako saltsa dira. Ateak zabalik ditut, bai. Sekula ere ez dut plazan apusturik egin eta estreinalditxo bat polita litzateke.
Iazko Gipuzkoako txapelketan zure ibilbideko lehenengo txapelketa ofiziala irabazi zenuen.
Gainera marka jarri genuen, bai. Baten batek galdetu dezake ea zelan aritu nintzen Gipuzkoakoan bizkaitarra izanda. Bada, Bizkaian egoera apur bat baxu ikusten nuen eta niri saltsa gustatzen zaidanez eta saltsarik barik behar den moduan prestatzen ez naizenez, Gipuzkoa aldean probatzea erabaki genuen. Aimar Irigoieni marka kendu izana motibazio dosi bat izan zen niretzat eta Euskal Herrikorako animatu ninduen.
Bost bat urtez harri jasotze mundutik aldenduta egon zinen. Pentsatu duzu inoiz parentesi luze haren ondorioz bidean geratu diren txapelei buruz?
Horrek ez nau arduratzen. Orain bost urte saltsa gehiago zegoela, horretxek ematen dit pena. Goi mailako harri jasotzaileak, Irigoien, Eizmendi eta horrelakoak urteetan aurrera doaz, seme-alabak dituzte, baita euren lanak ere… Azkenean, ezin zaitezke prestatu 25 urte zenituen modura. Horrek ematen dit ernegu apur bat, ez ditudala euren onenean harrapatuko. Baina, tira, goi mailako kirolariak dira eta ondo prestatuko dira, seguru.
Harri jasotzaile gazteen artean badago zure arreta erakarri duenen bat?
Bat edo beste ikusten dut, baina lehenagoko saltsarik ez dut ikusten. Imanol Lartain indartsu dator. 17 urtegaz 210 kiloa bota du lepora. Tira, ia hurrengo urteetan gehiago datozen, badut horren esperantza.
Emakumeak ere indartsu datoz, maila harrigarrian dabiltza. Ni hasi nintzen sasoian Miren Urkiola, Mari Jose Sardon eta Idoia Etxebarria bikain zebiltzan. Baina horiek utzi zutenetik Udane Ostoloza baino ez zen ibili urte batzuetan. Gerora, Karmele Gisasola eta gehiago etorri dira eta berriro saltsa badagoela ikusten da.
Iraganari buruz ere galdetu gura dizut. Zure umetako markek egunkarietako makina bat titular hartu zituzten. ‘Obelix euskalduna’ eta horrelakoak irakurri zitezkeen. Zer punturaino eragin zizun inguruko zarata hark?
Horrek guzti horrek eragindako presioa sentitzen nuen, bai. Ez zait fama gustatzen. Lagunekin buelta bat ematera irteten nuenean denen bistara nengoen, ezin nintzen trankil egon. Hori izan zen harri jasotzea uztearen arrazoietariko bat.
Orain hobeto daramazu?
Bai, hobeto daramat. Bizitzak erakutsi egiten dizu eta beste eskarmentu bat dut orain. Gauzak beste era batera eramaten ikasten duzu.
Zein unetan erabaki zenuen harri jasotzea uztea?
16 urtegaz. 15egaz marka handi bat jarri nuen, telebista eta hedabide asko atzetik nituen, jendea marka berriak eskatzen… Ama sostengu handia zen niretzat, baina, tira, ez zen kirol mundukoa, ez zuen mundu hori barrutik ezagutzen eta ez genuen egoera kudeatzen asmatu. Aita plazagizona zen eta bazekien ni baretzen, baina ordurako joanda zegoen. Momentu batean apur bat bakarrik sentitu nintzen. Orduan dena pikutara bidaltzea erabaki nuen.
Zeuk erabaki zenuen bueltatzea ala ingurukoek animatu zintuzten?
Ingurukoek animatu ninduten. Denbora horretan boxeoan eta kontaktuko kiroletan aritu naiz eta fisikoki nahiko ondo ikusi ninduten. Nigaitik baino gehiago, ingurukoek emandako bultzadagaitik izan zen.
Boxeoa guztiz baztertu duzu?
Orain hobby bat baino ez da niretzat. Umetatik gustatu izan zait boxeoa eta asko erakutsi dit: neure haserreak bideratzen, diziplina hartzen, sufritzen ikasten… Gainera, Arkaitz Viaña nire entrenatzaileagaz oso hartu-eman ona dut eta oraindino asko laguntzen dit.
2020an herri kiroletara bueltatu zinenean, Abadiñon izan zenuen lehenengo saioa, zure sorterrian. Zelan gogoratzen duzu egun hura?
Oso nerbioso egon nintzen. Plaza topera beteta, denak ezagunak… baina oso momentu polita izan zen; entrenamendu gutxigaz etxean egindako lanak hobetu genituen.
Jose Antonio Gisasola 'Zelai'. Zelako garrantzia izan du zugan eta zure ibilbidean?
Handia! Niretzat Jose Antonio bigarren aita bat da. Zortzi urtegaz beragaz hasi nintzen prestatzen. Arlo askotan ikaragarri lagundu didan pertsona da. Beti hor dago behar dudanean. Herri kiroletan ezagutu dudan pertsonarik onenetarikoa da.
Baina gaur egun ez zabiltza beragaz entrenatzen. Gipuzkoa aldean zabiltza, ezta?
Tira, Zelai beti dut alboan, botilero. Bera botilero ez badut ez naiz txapelketara irtengo, hori argi dut. Bera da nire lasaitasun puntua. Baina, orain, astean birritan Oriora joaten naiz, bai, Joseba Ostolazaren harri jasotze eskolara. Oso gustura nabil eta asko eskertzen diot laguntza Josebari, eta hango gainerako denei.
Zelan ikusten duzu herri kirolen mundua eta zelan hobetu daiteke?
Panorama bastante triste ikusten dut. Herri kiroletako kirolaria ez dut ikusten behar den moduan zainduta eta baloratuta. Gure kontura diru asko egiten dabilen aurpegihandi asko dagoela uste dut; dirua egin izan duena, behintzat, gaur egun herri kirolak ez duelako sasoi bateko diru iturririk. Enpresa pribatuek aurpegira barre egiten digutela deritzot. Lehenengo kirolaria zaindu behar litzateke, eta gero, dirua sobratzen bada, poltsikoak bete.