Baimena ematen badidazue, esango nuke zahartzaroan sartzen zabiltzatela. Zelakoa da etapa hori?
Marisa: Egia esan, lanean asko disfrutatu dut, bete egin nau. Orain beste etapa bat da, desberdina, lasaiagoa. Aktibo bizitzen saiatzen naiz. Zahartzaroa diozu, baina oraindik ez naiz zahar sentitzen, ez zait buruan sartu. Agian osasuna dudalako izango da ere. Hori bai, adina hor dago eta ikasi egin behar da zahartzen. Orain, lehen ez neukan astia daukat, irakurtzeko edo idazteko ere bai, eta horrek ere betetzen nau.
Jose Antonio: Askotan, pentsatzen dut betiko moduan nabilela, etapa hori ez dudala pasatu. Nire buruan ez daude 68 urte. Noizean behin adinean pentsatzen duzu eta, joño! Baina lanean berdin-berdin jarraitzen dugu e! Osasunetik eskas ibili naiz sei bat urtean, erreumagaz. Baina joan da eta orain 26 urtegaz lez sentitzen naiz.
Marisa: Badakizu gauza batzuk ezin dituzula lehengo moduan egin, parranda, adibidez. Baina, nire kasuan behintzat, horrek eginda daude, eta beste batzuk gustura egiten ditut orain.
Juan Mari: Lehen, igual, mendi altuetara joaten zinen, eta orain bajutxuagoetara, baina bazoaz joan. Ni ere pozik ibili izan naiz lanean, baina orain neuretzat ere hartu dut denbora. Martxotik hona 17 liburu irakurri ditut. Gaur zer dago egiteko? Egunean bizi zara. Gainera, bidaiatzeko gogoa daukagu. Positiboa izatea garrantzitsua da, eta transmititu egiten da.
Astia baduzue, baina orain bilobak zaintzea ere tokatu zaizue, eta hori zuen beste lanekin bateratu behar...
Jose Antonio: Gaur egun ofizio berri baten jabe gara: aititaren ofizioa hartuta daukat. Ia egunero, umeak eskolara eraman eta ekartzen ditut, eta bazkaria eman ere bai.
Marisa: Lehen hainbeste ordu beharrean eman eta gero beste gauza batzuk egiten genituen. Orain, ostera, arineketan ibiltzen gara; aitita edo amama izateak ere ematen ditu bere zeregintxoak, nahiz eta lotura handirik ekarri ez. Gainera, asko gozatzen dut umeekin. Egia esan, denbora gehiago izaten dugu, baina, nire kasuan, arlo gehiagotan sartu naiz, perrexila izatea gustatzen zait [barrez]. Igual akatsa da ezetz esaten ez jakitea.
Juan Mari: Bai. Gurasoek eskuzabalak izaten erakutsi ziguten, etxeko ateak zabalik edukitzen, eta batzuetan ez dugu ezetz esaten. Sarritan, albokoari denbora kendu izan diogu, eta hori ere landu behar da. Ez naiz aitita, baina nire inguruan ikusten ditut batzuen egoerak.
Zer ematen dizue boluntario edo militante izateak?
Marisa: Ez dut imajinatzen bizitza horrelako saltsetan ibili barik. Euskal Herri euskaldun eta librea da nire ametsa, parekidea ere bai askatasun horren baitan. Aktibismoak zer ematen duen? Bizipoza, energia, lagunak... Bizitzaren parte gara, begien aurrean pasiboki pasatzen ikusi barik. Gure erritmoak-
eta astirotzen dira, baina ilusioa mantentzen dut. Helburu horiek, guk ez bada, hurrengoek lortuko dituzten esperantzagaz. Belaunaldi berriak badatozela ikusteak poza ematen dit.
Jose Antonio: Ez dut ezagutu militantzia bako bizimodurik. Gerediagak antolatzen duen Euskal Herriko artzain-txakur txapelketa pasatu berri da, 51. edizioa. Bada, lehenengoan ere hantxe izan nintzen laguntzen.
Juan Mari: Kalkutako Teresak zioen zerbitzeko bizi ez denak ez duela balio bizitzeko. Zu, familia, herria eta aberria. Helbururik barik, gora begira bizitzea tristea izango litzateke.
Zelan ikusten dituzue gaur egungo gazteak?
Jose Antonio: Militantzia moteldu egin da akaso. Aldatu ere bai: guk genituen kezkak ez dituzte. Jaietan ere, lau katu agertzen dira. Agian hobeto lan egingo dute, hori ez dakit.
Juan Mari: Gazteak badatoz, baina ardura hartzeko itxaroten gaude, gu laguntzaile izateko. Gu betirako ez gaude eta.
Marisa: Mugimendu feministan igual desberdina da. Gazteek indarra dute, formazio handia, eta eurekin bat eginda gaude plataforman. Egia esan, eurekin ikasi egiten dugu, energia jasotzen dugu. Gainera, uste dut eurek ere gure esperientzia kontuan hartzen dutela.
Juan Mari: Nire alaba ere badabil mugimendu feministan, eta guraso lez gustura sentitzen naiz. Gizartea oso matxista izan da, eta badoa aldatzen, gazteek indar handia dute eta.
Jose Antonio: Bestalde, militantziarik egon ez balitz ez legoke gaur egungo egoera soziala Euskal Herrian.
Juan Mari: Euskararen gaian, esaterako, gaueko eskoletan-
eta zenbat jende ibili zen! Orain badaude Berbalagun eta beste hainbat baliabide.
Marisa: Lehen pentsaezina zen oraingo moduko euskaltegiak edukitzea. Jesuitetan hasi ginen, zelako baldintzatan, eta eskerrak eurek lokala utzi zigutela! Gauza asko hobetu dira. Baina, hala ere, euskalgintzak badu lana, erabilera bultzatu behar da adibidez.
Nostalgia al da hori?
Jose Antonio: Baliteke nostagikoak izatea, eta horregatik ikusten ditugu erritmo eta pentsakera desberdinak.
Marisa: Ez naiz nostalgikoa. Baina uste dut ona dela atzera begiratzea eta gazteei kontatzea zelako oztopoak gainditu genituen. Esango nuke sarritan gure historia ez dugula kontatu; oraintsu kanpoan kontatu dut [Txilen egon da maputxeei gau eskolen esperientzia azaltzen] eta harrituta geratu ziren. Ohartu nintzen nire alabei eta ingurukoei ere ez diedala hori kontatu. Baina, Josean, orduan ere ez zen erraza izaten jendea erakartzea, ezta? Sokagaz ibiltzen ginen...
Jose Antonio: Etsai bat geneukan eta errazagoa zen batera aurka egitea. Gero, zatiketak etorri ziren ekintza sozialetan, ikuspegi desberdinak zeudelako. Logikoa zen.
Orain zer duzue esku artean?
Jose Antonio: Azokari itxaroten nago. Gerediagan ohorezko bazkide naiz, zuzendaritzan urte pilo batez egon nintzelako. Baina ez digute bakerik ematen!
Juan Mari: Bangladesen dagoen egoera ikusita, laguntzeko ideia bat aztertzen gabiltza. Zelan dago, baina, mundua? Jendeari, hedabideek ematen duten informazioaz aparte, beste ikuspegi bat ematea ere gura izaten dugu.
Marisa: Jaiak datoz, eta plataforma barruan indarkeria sexistari aurre egiteko protokoloa osatzen gabiltza. Gero, solasaldi literarioekin ere hasiko gara Andragunean, eta Hitzez eta Ahotsez ziklokoak ere martxan hasiko gara.