Zelan sortu zenuten Atxa burdindegia orain 48 urte?
Espe Rodriguez: Soldadutzatik etorri zenean, Martin senarraren gurasoek negozio bat zabaldu zezan konbentzitu zuten. Bera hasi zen negozioagaz, eta ezkondu ginenean, libre nengoenean, dendan laguntzen hasi nintzen. Martin hil zenean, neuk hartu nuen dendaren ardura. Bide honetan, Monika nire lehengusina oso garrantzitsua izan da, asko lagundu dit eta.
Semeak ere laguntzen ibili dira.
Iker Arriaga: Hasieran, zeozertxo egiten genuen. Gero, amak dendaren ardura hartu zuenean, gehiago laguntzen hasi ginen. Nik fakturen arloa eraman dut orain arte.
Julen, noiz hartu zenuen dendaren ardura?
Julen Arriaga: Enpresa batean lan egiten nuen eta ERTEra joan ginenean enpresatik irteteko proposamena egin zidaten. Momentu horretan burdindegiaren ardura hartzea erabaki nuen.
Zer eman dizue dendak?
Julen: Denda gure etxea izan da. Amak eta aitak txikitatik lan egin dute dendan eta ordu asko egin dugu bertan. Eskolara aitagaz eta amagaz bajatzen ginen eta dendan denerik egin dugu: eskolako lanak, futboleko arropak aldatu... Azken urteotan dendaren ardura hartuta, gurasoek hasitako proiektuari jarraipen bat eman diot. Erraza izan da, txikitatik ikusi dugunagaz jarraitzea izan da.
Ixteko erabakia gatxa izan da?
Julen: Bai, oso gatxa. Gure dendak eman beharrekoa ematen du oraindino, baina ikusten dugu tendentzia beheranzkoa dela. Kasualitatez, beste lan eskaintza bat egin didate, eta etxekoon artean berba eginda, denda ixtea erabaki dugu denon artean. Denda txikiok eta autonomook geroago eta gatxago dugu aurrera egiteko.
Espe: Internet bidezko salmenta da, batez ere, gu lako dendentzat mehatxua.
Bezeroengandik maitasun handia jasotzen zabiltzate.
Iker: ANBOTOn ixtera goazela idatzi zenutenetik mundu guztia mezuak bidaltzen hasi da.
Espe: Guretzat oso eskertzekoa da jendea kariño honegaz agurtzera etortzea.
Julen: Oso bezero fidelak izan ditugu, bai Traña-Matienakoak eta baita Abadiñoko auzo guztietakoak ere. Eta Durangaldeko beste herrietakoak ere bai. Urteetan hortxe egon dira, aita dendan zegoenetik. Eskertzen dugu konfiantza horregaz jarraitu izana. Denek ulertu dute erabakia eta esan didate, niretzat ona bada, pozten direla. Oso eskertuta gaude.
Hainbeste urteren ondoren, izango duzue anekdotaren bat kontatzeko.
Julen: Pilotariendako eskuak babesteko takoak egiteko materiala saltzen genuen eta Pablito Berasaluze eramaten hasi zen. Beste pilotariei ere gustatzen zitzaien eta Pablitori eskatzen zioten. Aimar Olaizolak eta beste hainbatek erabili dute. Gero, Pablito jubilatu zenean, Ibai Zabala hasi zen erosten, eta harek ere Bengoetxeari eta Urrutikoetxeari pasatzen zien. Prezioa igo behar genuen, baina 22 euro balio zuenez eta zenbaki hori pilota munduan berezia denez, ez igotzea erabaki genuen. Azkenak Aitor Elordiri saldu genizkion. Denda itxi behar dugula enteratu zen eta deitu egin zigun, hemen genituen takoak eskatzeko. Ematen duenez zorte ona eman zion, asteon irabazi egin du-eta partidua.