Institutuaren 25. urteurrena ospatzeko jaian parte hartzera deitu dituzte abadiñarrak

Anboto 2022ko eka. 15a, 11:25

Zapatuan egun osoko egitaraua egingo dute Abadiñoko institutuan. Herri bazkaria, bakarrizketa, kontzertuak eta dantza saioak. Errota Kultur Etxean ekitaldia egingo dute. Udalak festan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Aurten 25 urte betetzen dira Abadiñon Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen hasi zirenetik, eta institutuko kideek jaiegun berezia antolatu dute asteburu honetarako. Zapatuan ikasle ohiei eta herritar guztiei begirako jaia egingo dute. Eguna Errota Kultur Etxean hasiko dute. 12:00etan ekitaldia egingo dute, ikastetxearen ibilbidea azaltzen duen dokumentala proiektatuta.

Hortik aurrerakoak institutuko patioan izango du segida. 14:30etan herri bazkaria egingo dute. Herritarrek zein ikasle ohiek eskuragarri dituzte bazkarirako txartelak Tipi Tapak, Bodeguilla, Abarketero eta Munts tabernetan zein institutuan bertan. Arratsaldean, berriz, beste hainbat animazio egongo dira. Bakarrizketa bat eta Rodri&Ale, Baske Street Boys, Sweet Rage eta Herriko DJ talde baten emanaldiak. Mikel Garaizabal alkateak festan parte hartzera deitu ditu herritarrak: "Aukera paregabea da uneak gogoratzeko eta gure bizitzetan garrantzitsuak izan diren pertsonekin elkartzeko. Era berean, gaur egun egiten duten lana, ikastetxeak azken urteotan izan duenb bilakaera, ezagutzeko aukera bikaina da", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!