Jaian parte hartzeko deia, DBHk Abadiñon 25 urteko ibilbidea egin duela ospatzeko

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 25a, 14:16

Egun biko ospakizuna izango da. Ekainaren 17an ikasleekin ospatuko dute; ekainaren 18an, herritarrekin. Ikasle ohiak eta herritar guztiak deitu dituzte festan parte hartzera. Herri bazkaria eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Egitaraua, behean.

Ikasturte honetan 25 urte betetzen dira Abadiñoko Institutua sortu eta udalerriko ikasketa programan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen hasi zirenetik. Igaro dira urteak, ikasleak. Igaro dira promozioak. Eta bide horretan guztian, garai berrietara egokitzen jakin du institutuak. Hain zuzen ere, egindako lan guztia herritarrekin partekatzeko asmoz eta ikasle ohiei topagune bat eskaintzeko asmoz, institutuko komunitateak jai bat antolatuko du. Egun biko jaia. "Ekainaren 17an gaur egungo ikasleekin ospatuko dugu urteurrena, ikastexean bertan, ikasketa orduak aprobetxatuta", adierazi du Marta López de Mendoza zuzendariak. "Ekainaren 18rako, bestalde, herritar guztiei begirako jaialdia egingo dugu", gaineratu du zuzendariak. 

Mikel Urrutia irakasleak, bestalde, jaira hurbiltzeko eta parte hartzeko deia egin die "herritar guztiei" eta "25 urte hauetan ikasle izan direnei". "Herri bazkarirako txartelak maiatzaren 27tik ekainaren 12ra bitartean egongo dira salgai Tipi-tapak, Bodeguilla, Abarketeruena eta Munts tabernetan, zein institutuan bertan", jakinarazi du Urrutiak.

Ekainaren 18ko egitaraua

  • 12:00 Hasiera ekitaldia eta dokumentalaren aurkezpena Errota Kultur Etxean.
  • 12:45 Jaialdiaren hasiera dantzariekin, institutuan. Jarraian, triki-poteoa.
  • 14:30 Herri bazkaria (Txartelak maiatzaren 27tik ekainaren 12ra egongo dira salgai Tipi-tapak, Bodeguilla, Abarketeruena eta Munts tabernetan eta institutuan bertan)
  • 17:00 Bakarrizketa: Beatriz Elgezabal
  • 18:00 Rodri & Ale taldearen kontzertua
  • 19:00 Baske Street Boys taldearen kontzertua
  • 20:00 Sweet Rage taldearen kontzertua
  • 21:00 - 23:00 Herriko DJak
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!