Beteranoen mailan, Oihana Azkorbebeitiak Zegama-Aizkorri lasterketa irabazi du

Anboto 2022ko mai. 29a, 17:09

Oihana Azkorbebeitia gaurko podiumean.

Emakumeen sailkapen orokorrean 17. tokian geratu da. Eskualdeko korrikalari gehiagok ere parte hartu dute gaurko lasterketan.

Zegama-Aizkorri lasterketa prestigiotsua lehiatu da gaur munduko mendi korrikalari onenekin. Gizonetan Kilian Jornetek hamargarren bider irabazi du lasterketa hori eta aurreko marka zortzi minutuan ondu du: 3:36:40. Emakumeetan, berriz, Nienke Brinkman suitzarra izan da onena: 4:16:43.

Eskualdeko hainbat parte hartzaile ibili dira Zegama-Aizkorrin. Oihana Azkorbebeitia beteranorik onena izan da eta emakumeen sailkapenean 17. tokian amaitu du. Abadiñarraren denbora honako hau izan da: 4:56:01. 

Oier Ariznabarreta 143. postuan geratu da sailkapen orokorrean eta 108. tokian gizonen senior mailan. Durangarraren denbora honako hau izan da: 5:12:46.

Ibon Etxebarria zornotzarra 257. tokian helmugaratu da sailkapen orokorrean eta 93. tokian beteranoetan honako denbora honekin: 6:15:06.

Alberto Garcia berriztarra 290. tokian geratu da sailkapen orokorrean eta 119. beteranoetan 6:36:28-ko denboragaz. 

Kilometro bertikala

Atzo Zegama-Aizkorri kilometro bertikala lehiatu zuten eta hantxe aritu zen Ander Garitagoitia. Mallabiko korrilakaria 30. tokian sailkatu zen 42:38-ko denborarekin. Proba hori Oriol Cardonak irabazi zuen: 32:59.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!