Munduko mendi korrikalaririk onenak bertan izango ditugu, denek egon gura dute-eta lurrikararen epizentroan, Zegaman. Gutxi batzuk faltako diren arren, aurtengo edizioak inoizko mailarik handiena izango du. Hori bai, sorpresen urtea izan daiteke, batek daki. Kontuak kontu, Zegamako txapela oso garesti egongo da, mutiletan zein nesketan. Ez txapela bakarrik. Baita hamar edo hogei onenen artean sartzea ere. Gura nuke euskaldunen bat podiumeko lehenengo postuetan ikustea, baina oso gatxa izango da. Halako mailarekin, oso posible da errekorra apurtzea, neskena eta mutilena. Lokatzaren araberakoa izango da hori. Ikusi egin behar ere zein eguraldi egiten duen egunean bertan.
Aurtengo nobedadeetariko bat korrikalari afrikarrak izango dira. Zazpi bat kenyar etorriko dira eta ea zelan moldatzen diren gure mendietan. Ederra litzateke emaitza ona lortzea eta eurak ere urtero etortzea, udaberriro Afrika aldetik gure teilatupeko habiara etortzen diren elaien antzera.
Batez ere zaleek egiten dute berezi Zegama-Aizkorri maratoia eta aurten ere giro aparta biziko dugu, ehunka mendizaleren animoei eskerrak. Lasterketa bertatik bertara ikusi ezin duenak telebistatik zuzenean jarraitzeko aukera izango du, ETB1en eta ETB4n euskaraz, Teledeporten eta Zegama-Aizkorriko youtube kanalean gaztelaniaz, eta TV3-n katalanez. Has dadila ikuskizuna, has dadila festa. Aurtengoa ere kolosala izango da.