Abadiñon herri ekimena hasi zuten Kutxabanki arreta zerbitzu hobea eskatzeko. Beraiek jakitera eman zutenez, martxotik hona, Zelaietako bulegoa astean behin baino ez dute zabaldu, astelehenetan. Zerbitzu hobea eskatzeko, sinadura bilketa egin zuten. Orain, berriz, Abadiñoko Udala Kutxabankeko arduradurekin batu da, baita herri-plataformako kideekin. Batzarraren asmoa, bezeroaren arretarako zerbitzu erregularra berrezartzea eskatzea izan da asmoa.
“Abadiñoko biztanleen ongizatean eragina duen egoera da, batez ere adinekoen ongizatean. Abadiñar askorentzat kalte handia da; izan ere, Traña-Matienara edo Durangora joaterik ez dutenez, banku-eragiketa asko egitea ezinezkoa zaie. Banku-zerbitzuak oinarrizko zerbitzuak dira gaur egun, eta, beraz, Abadiñar guztiei zerbitzu horiek baldintza eroso eta egonkorretan eskuratu ahal izango dituztela bermatu behar zaie”, azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.
EH Bildu mozioa
Bestalde, gai honekin lotuta datorren asteko martitzeneko plenorako mozioa erregistratu zutela jakinarazi dute Abadiñoko Eh Bildutik. Mozioaren asmoa, Zelaietan Kutxabank astelehenetik barikura zabalik egotea eskatzea da.