Eta Gerbasek atzo egindako hegaldia azkena izango balitz? Oraindik ez dago erantzun argirik, baina aukera posible bat, behintzat, bada. Izan ere, Abadiñoko alkateak ANBOTOri azaldu dionez, udalean eta jai batzordean kezkatuta daude. "Segurtasun aldetik ez dakigu segurua den, eta gainera, puxika horiek kutsagarriak ere izan daitezke. Beraz, erabaki egin beharko da zer egin", esan du Mikel Garaizabal alkateak.
Endika Zarrabeitia jai batzordeko kideak urteak daramatza Gerbasen agurra antolatzen. Aurten ere bera izan da panpinaren aireratzea antolatzeaz arduratu den kideetako bat: "Udal agintariek komentatu ziguten zerbait gertatuko balitz norena litzatekeen ardura. Zein egingo litzatekeen erantzule. Iruditzen zaigu eztabaida prozesu bat hasi behar dugula Gerbas zelan agurtu erabakitzeko", azaldu du. "AENAri, [Espainiako estatuan aireko nabigazioa kudeatzeaz arduratzen den organismoari], baimenen bat eskatuko diogu? Asegururen bat egongo da? Gerbas airez agurtu zein ez, hori erabakitzeko eztabaida prozesua hasi behar dugu. Hori bai, argi dagoena da Gerbas herritarrena dela", adierazi du Zarrabeitia.
Gerbas Abadiñoko San Trokaz jaietako pertsonaia da. Herritarrek urtero-urtero agurtzen dute panpina, soinean puxika mordoa ipini eta airera botata. 1979tik martxan dagoen ohitura da.