Abadiñoko Udalak Zelaietako erdialdea oinezkoentzat egokitzeko bigarren faseari dagozkion lanak hasi ditu. Udaletik jakitera eman dutenez, proiektuaren helburu orokorra gune osoan oinez eta bizikleta mugitzea lehenestea da, autoen sarbidea mugatuz. Horrekin herriko alde zaharrean kutsadura murriztea da.
Lanak egiteko aparkaleku batzuk kendu beharko dituztela, baina beste 38 aparkaleku berri, zamalanetarako gune berri bat eta osasun-zentrorako aparkalekuak aurreikusi direla jakitera eman dute.
Horrez gain, apirilaren 26an, lan hauen inguruan, egindako informazio-saioan jasotako iradokizun eta proposamenak aztertzen dabiltzala jakitera eman du Mikel Garaizabal alkateak. "Proposamen guztiak aztertzen ari gara, izan ere, kasu askotan bizilagunek proposatutako xehetasunak sartzeko aukera izango dugu. Beste iradokizun batzuk hirugarren faseari begira aztertuko dira", azaldu du alkateak.
Eragina hainbat kaletan
Bestalde, bigarren faseak hainbat kaletan (Iturritxo, Gaztañodi, Zeletabe, Aita Aureliano Letona, Dendarikoa eta Txanporta plaza inguruan) eragina izango du. "Helburua, erabilerak harmonizatzeko aukera emango digun herri atseginagoa lortzea da, mugikortasun aktiboaren eta jasangarriaren aldeko apustu argiarekin", adierazi du Javi Crespo alkateordeak.