Abadiñarrek ukrainarrekiko keinu solidario bat eskaini dute gaur. Eguerdi partean herrialdetik alde egitera behartutako 45 ukrainar ailegatu dira Traña-Matienara. Adin txikikoak dira gehienak, jaioberriak ere etorri dira, eta baita adineko batzuk ere. Keinu solidario hau antolatu duena Traña-Matienako Francisco Javier Rico Azabal bizilaguna da. “Autopistan lan egiten duen lagun batek komentatu zidan autobus gidariak ikusi zituela Ukrainako mugara joaten. Laguntza produktuak eraman zituzten bertara. Laguna eurekin harremanetan ipini zen, eta bueltako bidaian, errefuxiatuak harturikoan, bururatu zitzaigun zerbait egin genezakeela Abadiñon. Beti izan dut halako gauzetan laguntzeko sena, eta orain ere laguntzea erabaki dut”, azaldu du Ricok. “45 ukrainar etorri dira. Euren artean zortzi urte baino gutxiago duten 8 ume, 14 urtetik beherako bospasei, hiru jaioberri eta maskotak daude”, gaineratu du.
Miguel Angel Munitxa Taberna Zarrako arduraduna da. Ricoren deia jaso du gaur goizean, errefuxiatuei bazkari bat ematea proposatzen. Eta ez du eskariarekin dudarik izan. “Esan digute ea lagunduko genien bazkari bat antolatzen. Eta bai. Baietz esan diegu”, dio Munitxak. Entsalada, makarroiak eta oilaskoa zerbitzatu diete errefuxiatuei. Bazkalostean autobusera bueltatu eta Asturiasera joango dira, Asturias baitute helmuga.